Transferentzien Batzorde Mistoa maiatzaren 10ean bilduko da

0

Transferentzien Batzorde Mistoa maiatzaren 10ean bilduko da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako eskumenen transferentzia onartzeko. Hala iragarri du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak, gauz Gasteizen. Topaketak hiru euskal espetxeen, Errepideko Garraioaren, Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eta ISSN kode bibliografikoaren kudeaketaren eskualdatzea gauzatuko ditu ofizialki. Gai horiei beste transferentziaren bat gehitu ahal zaio bilera egin aurretik bi aldeek adosten badute.

Batzorde Mistoa Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkari kopuru berak osatzen du eta hain zuzen ere organo horrek ezartzen ditu Gernikako Estatutuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion transferentziak gauzatzeko arauak. Eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gauzatzeko behar diren giza baliabideen eta baliabide materialen eskualdatzea ere arautzen du.

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Batzorde Mistoaren presidentearekin Lehendakaritzan egindako agerraldian, Garamendik Miquel Iceta Lurralde Politikako ministroarekin adostutako transferentziari buruzko akordioaren nondik norakoak azaldu ditu. Garamendiren esanetan, espetxeei buruzko estatu legeria betearazteari buruzko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzearen ondorioz Jaurlaritzak “bere gain hartuko du kartzelen antolamendurako, araubiderako eta funtzionamendurako eskumen esklusiboa”. Lau hamarkada baino gehiagoz Espainiako Barne Ministerioa eta Espetxe Erakundeetako Idazkaritza izan dira Euskadin dauden hiru espetxeen arduradun. Behin eskualdatzea sinatuta, lekukoa Eusko Jaurlaritzari edo bere Justizia Sailean diseinatu daitekeen erakundeari pasatuko diote.

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du espetxe zerbitzu publikoa emateko baliabide materialen sare oso bat. Gaur egun 1.300 preso inguru daude Zaballako (Araba), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Basauriko (Bizkaia) kartzeletan, eta horietatik ehun inguru emakumeak dira.

Zubieta eta Langraiz zaharra Aipatutako hiru espetxeak Euskadiri eskualdatuko zaizkio eta Jaurlaritzarenak izango dira, lehen Estatuarenak ziren baldintza juridiko berdinetan. Zubietako espetxea eraikitzen dutenean, Eusko Jaurlaritzak Martutene itzuliko dio Espainiako Gobernuari eta espetxe berriaren titulartasuna bere gain hartuko du. Espainiako Gobernuak martxoan esleitu zituen espetxea eraikitzeko lanak, 39 milioi euro inguruko aurrekontuarekin. 22 hilabetetan gauzatu beharko da eta, beraz, aurreikuspenak beteko badira, 2023ko udaberrian amaituta behar luke.

Transferentziak Langraizko kartzela zaharra ere hartzen du barne. Espainiko Espetxe Erakundeak itxi zuen eta jada ez dago presorik bertan, duela gutxira arte bere pabilioetako batzuk espetxeetako funtzionarioei ostatu emateko erabiltzen baziren ere. Gaur gaurkoz espetxea ez da zerbitzu publikotik kendu.

Langileei dagokienez, hiru zentroetan lan egiten dutenak 700 inguru dira, ez dira zenbaki horretara iristen. Gehienak espetxeetako funtzionarioak dira eta gainerakoak lan kontratupeko langileak. Eusko Jaurlaritzak euskal Funtzio Publikoan sartuko ditu, bere gain hartuko ditu nominak eta transferentzia egin arte eskuratutako eskubideak errespetatu egingo dira.

Garamendik azaldu duenez, transferentziaren balorazio ekonomikoa 70 milioi eurokoa da eta zenbateko hori Kupotik deskontatuko da eta euskal Aurrekontuetara eramango da bere gain hartutako funtzio eta zerbitzu guztiak finantzatu ahal izateko. Eskualdatzea hurrengo urriaren 1etik aurrera gauzatuko da.

2011n, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zituen espetxe osasuneko zerbitzu publikoak, osasun jarduera mediko legalak barne, eta Osakidetza integratu zituen.

Errepide Garraioa eta ISSN Autogobernu sailburuak esan duenez, bi gobernuek errepideko garraioaren transferentzia ere adostu dute. Hala, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan igarotzen den errepideko garraioaren antolamendua, koordinazioa, ikuskapena eta kontrola, bai eta bertatik igaro gabe Euskadin jatorria eta helmuga dutenak ere. Laburbilduz, bere gain hartuko ditu garraio operadorearen baimenaren kudeaketa, garraio kontzesioak ematea eta kudeatzea, eta lanbide gaitasuneko azterketak kudeatzea.

Arabako lurraldea funtzio horietako batzuk betetzen ari da jada 1950eko foro hitzarmen bati esker. Akordioak aurreikusten du Arabako Foru Aldundiarekiko ezarritakoa parekatzea Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundientzat, bai eta Arabako hitzarmena eguneratzea ere. Eskualdatzeak eragina izango du aldundiekin hitzarmenak sinatzen diren unean, 2021. urtean.

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioak identifikazio bibliografikoaren nazioarteko kodea (ISSN) eskualdatzea ere jasotzen du, sailburuak azaldu duenez. Argitalpen seriatuak identifikatzeko nazioartean ezaguna den zenbaki bat da. Kudeaketa Espainiako Liburutegi Nazionalari egokitu zaio eta eskualdaketa sinatu ondoren eskumena euskal administrazioaren esku geratuko da. Honako hauek lirateke ISSNaren gainean Euskadira eskualdatu beharreko funtzio zehatzak: editoreen eskaerak jasotzea; interesgarritzat jotzen den lege gordailu bidez sartzen diren tituluak hautatzea; dokumentazio guztia baliozkotzea eta egiaztatzea; eta ISSNa esleituta duten aldizkako argitalpenak katalogatzea.

Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina Estatuaren titulartasuneko den Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina Jaurlaritzaren eskuetara pasako da transferentzia sinatzen denean. “Akordioa itxita dago eta horri esker Ondarroako portua biziberritzeko lanak bururaino gauzatu ahal izango dira”, zehaztu du Garamendik. Garai batean eraikin militarra zena eta gero, 1995ean, beste Ministerio baten ardurapean geratu zena, eraitsi egingo da behin Jaurlaritzaren esku geratzen denean. Gune horretan biribilgune bat eta kamioak kargatzeko portutik irteteko sarbidea eraikiko da.

Orain arte eraikinagatik ezin izan dute halakorik egin. Horrela, arrain-lonja berriaren eraikina eraikitzeko proiektuari amaiera emango zaio eta, ondoren, Estatuko zerbitzu hori hartzen zuen eraikina eraitsiko da. Operazio horri esker, portua berritzeko lanak amaitu ahal izango dira. Proiektu hau estrategikoa da Ondarroarentzat, eta aspalditik eskatzen dute bertako bizilagunek.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak lanean jarraitzen du transferentzien egutegiko lehen blokean sartutako beste gai batzuekin, baina baita bigarrenean sartutako batzuekin ere. Ez da baztertzen Batzorde Mistoa egin bitarteko denbora tartean beste transferentziaren baten negoziazio ixtea.