Askabide elkarteak Emakunde Saria jaso du

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu lehendakariak – Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuarekin eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera – Berdintasunerako Emakunde Saria eman dio gaur goizean Askabide elkarteari. Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta 1985etik Euskadin prostituzio-testuinguruetan edo gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen egoera hobetzeko lan egiten du. Epaimahaiak aho batez eman du sari hori, Askabidek emakumeen kolektiboaren bizi-kalitatea hobetzeko egindako ibilbideari balioa emanez.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Askabideri egindako aitorpena «bazterketa-egoeran dauden pertsonengandik hurbil dauden gure herrialdeko hainbat elkarteei” egindako aitorpen bat ere bada. Zentzu horretan azaldu du herri hau “inor atzean ez uzten saiatzen ari den herrialdea” dela, “batez ere okerren dauden pertsonak». Lehendakariaren hitzetan, «Askabidek emakume horiei laguntza eta babesa ematen die gizarteratzeko, aukerak eskaintzen dizkie lan munduan txertatzeko eta ahalduntzearen tresnarekin bitartez laguntzen die euren autonomian eta eskubideetan aurrera egiten”.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak, bestalde, azpimarratu du Askabide «gizarte-bazterketaren aurkako konpromisoa erakusten duten hirugarren sektoreko elkarteen zeregin erabakigarriaren adibide» dela, Azaldu du «pertsonen premia oinarrizkoenei erantzuna” ematen die eta erakundeetatik egoera ahulenean dauden pertsonekin egiten den lana osatzen dutela». Sailburuak esan du harro dagoela Gobernuak Hirugarren Sektore Sozialarekin duen elkarlanaz. “Talde-lana” dela gaineratu du.

Bestetik, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, Askabidek Emakunde Saria jaso du batez ere “jarduteko premisa nagusi batekin lan egiten duelako: emakumeen ahalduntzea. Ahalduntze hori ezinbesteko tresna da emakume hauetako gehienek bizi duten gizarte-bazterketako egoerei irtenbidea bilatzeko”.  Azpimarratu duenez, «Askabidek ahalduntze prozesu indibidual eta kolektiboak lantzen ditu, emakumeek autonomia izan dezaten baliabideak eskuratzeko eta gizarte-bazterketako egoerei irtenbidea bilatzeko». Landaidak, halaber, Askabidek prostituzioaren eta gizarte-bazterketaren testuinguruan emakumeek jasaten dituzten indarkeria-adierazpenen aurrean duen lehentasunezko esku-hartzea nabarmendu du, baita sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren esparruan egiten duen lana ere.

Bestalde, Miriam Santorcuato Askabideko presidenteak adierazi duenez, «Emakunde saria jasotzeak, Askabidean gure DNAren zati den zerbait balioesten du, gure lanaren oinarri nagusia dena: Justizia soziala». Bere hitzaldian azpimarratu duenez, Askabiden «gizonen eta emakumeen berdintasun ezak sortzen dituen faktoreak eta baldintzak ezabatzen lagunduko duten neurriak eta ekintzak garatzen ari dira, prostituzioan aritzen diren emakumeek jasaten duten indarkeriaren prebentzioan arreta berezia jarriz». Santorcuatoren hitzetan, «Askabideren misioa eta izateko arrazoia prostituzioan aritzen diren emakumeen egoera identifikatzea, artatzea, erantzutea eta hobetzea da; izan ere, babesgabetasun handia eta muturreko bazterketa-egoera duen kolektibo bateko kide dira».

80. hamarkadatik

Askabidek ibilbide luzea du. 80ko hamarkadan hasi zen Bilbon, boluntario talde batek auzo batzuetako prostituzioaren errealitateari buruz zuen kezkagatik. Garai hartan egoera hori larriagotu egin zen, emakumeen kolektibo horrek gizarte-estaldura eskasa zuelako eta HIESaren gaixotasuna agertu zelako.

Harrezkero, hainbat ekintza eta proiektu garatu dira, Euskadiko prostituzioaren ingurunetik datozen emakumeen bizi-kalitatearen alderdi esanguratsuak hobetzeko. Berdintasun-printzipioarekiko eta genero-ikuspegitik egindako lanarekiko konpromisoa oso errotuta dago Askabiden, prostituzio-testuinguruetan emakumeen autonomia, berdintasuna eta ahalduntzea sustatzera bideratzen baitu bere esku-hartzea.