Barakaldoko Beurkoko industria pabiloi bateko ogia egiteko lanlekua sute handi batek kiskali du

0

Gaurko 9:45ean, sute handi bat gertatu da Beurkoko industria pabiloi bateko ogia egiteko lanlekuan, Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloak adierazi duenez.  Suhiltzaileen bost ibilgailu ere hurbildu dira bertara, eta Tokiko Poliziak esparrua itxi du, arriskuak saihesteko.

«Kontrolpean dute suhiltzaileek sutea, eta aldamenetako enpresetara barreia ez  dadin ahalegina egiten ari dira, han produktu suhargarriak baitituzte: Udalaren bide-garbiketa  eta zabor bilketa zerbitzua kudeatzen duena da horietako bat», azaldu du Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko Ángel Madrazo, bertatik.

Ez da zauriturik izan, baina hantxe daude larrialdietarako zerbitzu guztiak, tartean, Barakaldoko Babes Zibileko boluntarioak.

Madrazok zehaztu duenez, inguruko ikastetxe guztiei eskatu zaie leihoak itxita edukitzeko, sutea oso hurbil gertatu baita eta ke beltz trinkoa eragin baitu.

«Oraintxe, ez dago zertan kezkatu, haizea dela eta keak ez dielako inguruko ikastetxe eta institutuei eragiten, baina litekeena da haizearen noranzkoa aldatzea, eta, beraz, bada ez bada ere, adi egon beharko dugu, neurriak hartu beharra bada», azaldu du Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak.