Barakaldoko kultur dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik da

0

Aurtengo dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Barakaldoko Udalak. Partida iazko berbera da, 112.500 eurokoa alegia, aurreko ekitaldietakoei 11.250 euro gehituta.  Hilabeteko epea du kultur bilbe barakaldarrak pandemiaren garaiotan sektorearen sostengu izan nahi duten  laguntzak eskatzeko.

Urteko kultur egitasmo edo jarduerak burutu dituzten toki-erakunde guztiek eskura ditzakete laguntzak, bai eta noizbehinkako edo aparteko ekimenak egin dituztenek ere. Lehenengo kategoria horretakoen artean 91.000 euro banatuko dira, eta, bigarrenekoen artean, berriz, 31.500. Honela banatuko dira kopuruak: 22.000 euro, 5.000 eurotik beherako aurrekontuak dituzten egitasmoen artean; 29.000 euro, 5.000 eta 10.000 euroko aurrekontuak dituztenen artean, eta 40.000 euro, 10.000 eurotik gorako aurrekontuak dituztenen artean. Noizbehinkako nahiz aparteko jarduerak egiteko eskariei dagokienez, 31.500 eurokoa da zenbateko globala, eta kategoria bakoitzerako kopuruak, hurrenez hurren, 15.000, 11.500 eta 5.000 eurokoak.

Jende orori zuzendutako egitarau, egitasmo eta jardueretarako dira dirulaguntzak, beti ere, literatura, arte plastikoak, musika-ikuskizunak eta euskara sustatzeko ekimenak hedatzeko egokiak direnak.