Vitoria-Gasteizen delituak % 8 inguru jaitsi dira 2020an

0
PRUEBA

Gasteizen delituek % 8,3 egin zuten behera iaz, 2020an, 2019an 15.256 erregistratu baitziren eta iaz 13.984, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren datu bateratuetan jasota dagoenez. Zifra horiek agerian uzten dute Arabako hiriburua hiri segurua dela COVID-19ak eragindako pandemiak markatutako urtean. Datuen analisiak egiaztatzen du behera egin zutela delitu estrategikoek, besteak beste, ondarearen aurkakoek, modalitate guztietan. Hauteman da zertxobait gora egin dutela sexu-askatasunarekin eta lesioekin, oro har, zerikusia duten delituek eta zertxobait gehiago iruzurrek, nagusiki Internet bidez egindakoek.

Martxoaren 14tik aurrera, alarma-egoera dekretatu eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko osasun murrizketak eta mugak ezarri ondoren, egoera berria sortu zen eta aldatu egin zen unean uneko faktoreetan, denborarekin eta inguruarekin, besteak beste, asteko egunekin, jaiekin, urtaroekin  edo ekitaldiekin, zerikusia duten faktoreetan, oinarritutako “delitu-patroi tradizionala”. Konfinamenduak, ordutegia, mugikortasuna eta distantziak murriztu izanak eta abarrek baldintzatu egin dituzte delitu-moten bilakaera eta azken urtean erregistratutako jaitsierak.

  • Ondarearen aurkako delituak: Nabarmen egin dute behera atal honetan sartzen diren delitu-mota gehienek: etxeetako lapurretek (-% 51,46), enpresetako lapurretek (-% 50), ebasketek (-% 40,53) eta indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretek (-% 30,54). Behera egin dute indarra erabiliz dendetan egindako lapurretek (-% 35,74) eta beste leku batzuetan egindakoek ere. Pandemiaren ondorioz ordutegian eta mugikortasunean ezarritako murrizketek eragina izan dute jaitsiera horretan. Hala ere, datuen analisiak agerian uzten du nabarmen egin dutela gora, % 91,71, hain zuzen ere, iruzurrek: 2019an 1.448 erregistratu baitziren eta iaz 2.776. COVID-19ari aurre egiteko ezarritako konfinamenduen ondorioz Internet bidez egindako erosketek gora egin izana da joera horren arrazoietako bat.
  • Pertsonen aurkako delituak: Epigrafe honetan etxeetan egiten diren arau-hausteak nabarmendu daitezke. Orokorrean zenbatuta, genero-indarkeriak % 10,8 egin du behera Gasteizen, baina gora egin dute lesio-delituekin zerikusia duten familia barruko tratu txarren kasuek. Era berean, lesioen aurka jarritako salaketekin zerikusia duten datuetan ere, orokorrean, igoera txiki bat izan da, % 4,58koa, alegia. Sexu-askatasunaren aurkako egintzengatik erregistratutako kasuak ere % 4,65 igo dira.
  • Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak (droga-trafikoa): Substantzia sorgorgarrien trafikoarekin erlazionatutako egintzengatik instruitutako eginbideak % 9,45 jaitsi dira. Joera bera izan dute alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik egindako delituek ere, 2019ko 267 kasuetatik 220ra jaitsi baitira (-% 17,60), gaueko orduetako ibilgailuen zirkulazioari eta aisialdiari eragin dioten ordutegi-mugekin zuzenean lotuta.

Datu horiekin, Gasteizeko mila biztanleko delituen tasak % 9,13 egin du behera, eta 60,59tik 55,06ra jaitsi da.

6.255 pertsona jarri zituzten epailearen eskuetan Ertzaintzak eta Udaltzaingoak

Delituen kopuruak orokorrean behera egin badu ere, % 3 igo da atxiloketen kopurua, hain zuzen ere, 1.069tik 1.101era. Aitzitik, jaitsi egin da ikertutako pertsonen kopurua, eta zenbaketa globalean, beraz, Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak atxilotutako eta ikertutako pertsonen kopurua jaitsi egin da, eta 2019an 6.643 izan ziren eta 2020an 6.255, hau da, % 5,8 gutxiago.

Estrategia bateratua, prebentzioa, koordinazioa, informazioa eta analisia

Polizia-efizientzia, gertaeren aurrean eman beharreko erantzuna eta egindako delituak argitu ahal izateko ikerketa hobetzeko eta herritarren segurtasunaren arloan emandako arretan gogobetetasuna lortzeko, funtsezkoa da Gasteizko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetzan, koordinazioan eta elkarlanean oinarritutako estrategia bateratua.

Alde horretatik, bi polizia-kidegoek sarri egiten dituzte bilera bateratuak giza baliabideei eta baliabide teknikoei eta materialei probetxu hobea ateratzeko, polizia-operatibo koordinatuak ezartzeko, industria eremuak eta auzoak mugatzeko eta lortutako emaitzak ebaluatzeko.

2020an, koronabirusaren pandemiak markatu duen urtean, oraindik ere gehiago indartu da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioa, etengabe aldatzen eta egokitzen joan den osasun-araudia barneratu eta betetzen dela zaindu behar izan baitute.

Lankidetza horrekin jarraituz elkartu da gaur Gasteizko Udalean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko eta Udaleko Koordinazio Batzordea, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Gorka Urtaran alkatea buru direla. Bilera horretan beste akordio bat adostu da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren koordinazio-protokoloa eguneratzeko, eta laster sinatzekoa den protokolo horrek, besteak beste, bi polizia-kidegoek aurre egin behar izaten dieten gertaeretan esleitu beharreko baliabideak koordinatuko ditu.