Ertzaintzak eta udaltzaingoek justifikatu gabeko joan-etorriak eragozteko eta indarrean dauden osasun-arauak betetzen direla zaintzeko egindako kontrolen ondorioz, 1.210 isun formulatu dituzte joan den ostiraletik, hilaren 16tik, igandera, hilaren 18ra, bitartean. Horietako gehienak, 842 alegia, mugikortasun-mugak edo gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez betetzeagatik jarri dituzte. Zehatz-mehatz, 422 isun gauean zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik bideratu dituzte, 182 eremu publikoetan nahiz pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik eta beste 59 EAEko edo norbera bizi den udalerriko sarrera-irteeretarako ezarritako mugak urratzeagatik.
Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 144 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 123 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxe-arloan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea, kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.
Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 133 isun Araban, 536 Bizkaian eta 541 Gipuzkoan.