Ertzaintzak eta udaltzaingoek kamioien eta autobusen ikuskapena areagotuko dute

0

Ertzaintzak eta udaltzaingoek indartu egingo dute kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola apirilaren 19tik 25era, eta arreta berezia eskainiko zaio AdBlue sistemari, diesel motorren emisioak murrizteaz arduratzen denari.

Ibilgailu industrial batzuek emuladoreak erabiltzen dituzte sistema hori ezeztatzeko eta tona askotako kamioiek motorrak AdBlue kontsumitu gabe funtzionatu ahal izateko. Ikuskapenek agerian utzi nahi dute iruzur hori.

Beste helburuetako bat gidatzeko eta atseden hartzeko denborak betetzen diren, takografoa manipulatu den edo zama baimendutakoa baino handiagoa den eta ongi eutsita dagoen kontrolatzea da. Autobusen kasuan bidaiariek segurtasun-uhala jantzita duten zainduko da.

Joan den martxoan kamioiak eta autobusak ikuskatu zirenean, 153 arau-hauste hauteman ziren, kasurik gehienetan baimendutako gidatze-orduak gainditzeagatik (76) edo dokumentazioa behar bezala ez edukitzeagatik (32). Horrez gainera, 16 ibilgailutan hauteman zuten takografoa manipulatu zela.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren esanetan, “bereziki zaindu behar dira salgaiak eta pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak; izan ere, istripu batean kamioi bat edo autobus bat inplikatuta egoteak ondorio larriak izan ditzake. Gidari guztien ardura da mugikortasun segurua eta iraunkorra bermatzen laguntzea”.

Kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako programatutako 46 kanpainen barruan sartzen dira.