Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Onda Vasca-ri eskainitako elkarrizketan, biztanleriari zuhurtzia eskatu dio eta COVID 19ren kutsagarritasuna saihesteko neurriak errespetatzeko. Sagarduik azaldu duenez, osasun egoera kezkagarria da eta oraindik ere goranzko joera du. Osasun sailburuak. Gotzone Sagarduik gogorarazi duenez, une honetan murrizketa zorrotzak eta serioak daude indarrean, eta «betetzea da kontua».
Ospitaleen egoerari dagokionez, Sagardui sailburuak azpimarratu du sarea tenkatuta dagoela, ospitaleratzeak eta kontsultak areagotu egin baitira azken asteetan. Hala ere, Sagarduik ziurtatu du Osakidetzak arreta bermatzen jarraitzen duela sareko lanari esker, baina, hau ez dela egoera desiragarria. «Osasun zerbitzu ona dugu, arreta bermatuta daukagu, baina egoera serioa da», adierazi du.
Udari buruz galdetuta, Gotzone Sagarduik nahiago izan du «gaurkoan eta orainean» jarraitu, egoera kezkagarria delako. Horren harira, herritarren erantzukizuna eskatu du, «gutako bakoitzak geure aldetik jarri behar dugu», eta Osasun Sailak eta Osakidetzak dena ematen jarraituko dutela ziurtatu du, herritarren osasuna zaintzeko, bai Covid-19ari dagokionean baita gainerako patologiei dagokienez ere.
Txertaketari dagokionez, sailburuak azpimarratu du heltzen ari direnak baino txerto gehiago behar direla, izan ere, euskal herritarren % 20k lehen dosi bat jaso dute, eta bi dosi emanez benetako immunizazioa lortzeko, oraindik ibilbide luzea geratzen da. «Nahiago nuke txerto kopuru handiak jasotzen hasiko bagina. Ez da gaitasun kontua, txertoen eskuragarritasun kontua baizik «, adierazi du. Sagarduiren esanetan, Euskadik administratzeko gaitasuna du, eta txertoak izan dituen heinean, administraziorako aukera desberdinak eskaini dira, herritarren beharretara egokituz betiere.