Ikastetxe publikoetako elkarrizketa-laguntzaileen programarako 868.000 euro

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimendu du gaurko bileran. Hezkuntza Saila eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren arteko hitzarmen horren bidez, 2021-2022 ikasturtean Euskadiko ikastetxe publikoetan arituko diren elkarrizketa-laguntzaileen jarduera arautzen da.

Datorren ikasturterako, hitzarmen hau tarteko, Hezkuntza Sailak 155 elkarrizketa-laguntzaile jasotzea eta finantzatzea aurreikusten du, bere menpeko ikastetxe publikoetarako, batez ere Bigarren Hezkuntza eta Hizkuntza Eskola Ofizialetarako, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza indartzea helburu hartuta. Hezkuntza Sailak finantzatuko dituen 155 elkarrizketa-laguntzaileen artean, 140 ingeles hizkuntzakoak izango dira, bederatzi frantsesekoak eta sei alemanekoak. Aipaturiko 155 laguntzaile horiei beste 33 ere gehituko zaizkie, Ministerioak finantzatuak azken hauek.

Hezkuntza Sailak 868.000 euro bideratuko ditu datorren 2021-2022 ikasturtean laguntzaile hauen egonaldia finantzatzeko. Hilero jasoko duten dirulaguntzaz gain, osasun-estaldura ere jasoko dute Elkarrizketa-laguntzaileen programan parte hartzen duten pertspnek, Europako osasun-txartelik ez duten kasuetan.

Ahozkotasuna indartzea

Elkarrizketa-laguntzailea graduatu berria edo azken ikasturteko unibertsitate-ikaslea izan ohi da bere jatorrizko herrialdean. Honi ez zaio irakasle titular baten erantzukizunik esleitzen. Hortaz, ez da irakaskuntzan bera bakarrik aritzen. Beraz, elkarrizketa laguntzaileek irakasleei laguntza emateko zeregina dute atzerriko hizkuntzako eskoletan. Euren berariazko eginkizunak, batik bat, ikasleen ahozko trebetasunak indartzera daude bideratuta. Astean 12 orduz ematen dituzte eskolak, irakasle titularrak lagunduta; baina inoiz ez bakarrik.

Irakasleak koordinatuta eta gainbegiratuta, laguntzaileari, besteak beste, eginkizun hauek eman ahal izango zaizkio: elkarrizketako berariazko praktikak prestatzea, irakasleen prestakuntza, hizkuntza eta kultura ikasteko materialak prestatzea edo euren herrialdeko kulturarako hurbilketarekin zerikusia duten jarduerez arduratzea.