Bizkaiak hiru ekimen abiarazi ditu Liburuaren Nazioarteko Egunaren baitan

0

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du #Liburukatea erronka bere sare sozialetan eta herritarrei gonbit egin die traol-hitz horrekin gomendatutako irakurgaien kate bat sor dezaten. Gainera, euskarazko material didaktikoen bilduma aberatsa ezagutzera emateko, Foru Liburutegiak gida bibliografiko bat prestatu du euskarri digitalean hirurogei argitalpen baino gehiagorekin. Era berean, aldundiaren museo eta aretoetan ikusgai daude tokiko egileek sortutako zortzi esaldi literario.

Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak hiru ekimen abiarazi ditu herritarren artean irakurtzeko ohitura bultzatzeko.

Aldundiak erronka bati ekin dio bere sare sozialetan, eta herritarrak gonbidatu ditu #Liburukatea traolarekin gomendatutako irakurgaien kate bat sortzera. Gainera, euskarazko material didaktikoen bilduma ezagutzera emateko, Foru Liburutegiak «Haur-didaktikako argitalpenak euskaraz Foru Liburutegian (1800-1975)» gida bibliografikoa prestatu du euskarri digitalean. Azkenik, tokiko egileek sortutako literatura ikusaraziz, sustatuz eta hedatuz euskal literaturaren erabilera eta kontsumoa bultzatzeko, aldundiaren sei museoek eta bi aretoek ikusgai izango dituzte zortzi esaldi literario INSPIRARTE proiektuaren eskutik.

#Liburukatea erronka

Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Bizkaiak #Liburukatea erronka jarri du abian bere sare sozialetan, herritarrak liburuak gomendatzera animatu eta, gomendio-kate bat sortuz, irakurketa bultzatzeko.

Horrela, foru-erakundeak herritarrak animatu nahi ditu beren sare sozialetan liburu gomendatuen kate bat sor dezaten #Liburukatea traolarekin. Parte hartzeko, gomendatutako liburuaren bideo edo argazki bat igo behar da eta beste pertsona bati erronka jo. Erabiltzaileak beren libururik gustukoenak traol-hitz hori erabiliz komentatzera edo proposatzera bultzatzea da helburua.

Erronkan parte hartu dute kulturaren eta kirolaren sektoreko ordezkariek, besteak beste, Ylenia Bagliettok, Lander Otaolak, Itziar Ituñok, Ugaitz Alegriak, Nerea Mazok, Maren Margarette Kattalinek eta Garazi Sanchezek. Euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, besteren artean, italieraz, ingelesez edo portugesez ere partekatu da erronka. Horrela, ekimena Liburuaren Nazioarteko Egunaren baitan zabaltzen ari da, egunotan liburuak sare sozialetako protagonistak izan daitezen.

Argitalpen didaktikoak euskaraz

Foru Liburutegiak gida bibliografiko bat prestatu du euskarri digitalean liburutegiko funtsetan haur-didaktikari buruz aurki daitezkeen hirurogei argitalpen baino gehiagorekin.

Foru Liburutegiak euskarazko material didaktikoen bilduma aberatsa dauka eta bilduma horretan, aparteko egile eta ilustratzaileen lanak ageri dira. «Haur-didaktikako argitalpenak euskaraz Foru Liburutegian (1800-1975)» gidaren argitalpenarekin, Foru Liburutegiak ezagutzera eman nahi ditu zabalkunde didaktikorako tresna eraginkorrak izan daitezkeen kalitate handiko funtsak. Gida eskuragarri dago bizkaia.eus/foruliburutegia helbidean.

Tokiko egileak museoetan

Aldundiaren museoek eta aretoek bat egin dute Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldiekin INSPIRARTE proiektuaren eskutik. Horrela, bada, museo eta aretoetan dagoeneko ikusgai daude tokiko egileen literatura ikusaraziz, sustatuz eta hedatuz euskal literaturaren erabilera eta kontsumoa bultzatzea helburu duten aipamen literarioak.

Esaldi bakoitzarekin batera, egilearen izena, lanaren izena eta erabiltzailea proiektuaren webgunera eramango duen QR kode bat ageri dira.

Hala, La Encartada Fabrika-MuseoanEl Pobaleko Burdinolan, Arkeologi Museoan, Arrantzaleen MuseoanEuskal Herria Museoan, Txakolingunean, Rekalde Aretoan eta Ondare Aretoan ikusgai egongo dira, guztira, pintatutako hiru esaldi eta binilozko beste bost esaldi:

  • La Encartada Fabrika-Museoa: «Zakilek itzala egiten dute eta aluek ez, aluak beti daude itzaletan». ‘Panpina antzezlana’, Erika.
  • El Pobaleko Burdinola: «Bi aberri ditugula ez ahantzi: zurea eta nirea». ‘Aldaira urdinak’, Edu Zelaieta Anta.
  • Arkeologia Museoa: «Musu oro lehen musu bat da, maitasunez ematen bada». ‘Lehen musu oro’, Jon Ariza de Miguel.
  • Arrantzaleen Museoa: «Hilobiak hartu, orrialdeak irauli eta erorikoa hartu ondoren, sikomoro azpian lokartu nintzen». Argitaragabea, Izaskun Gracia
  • Euskal Herria Museoa: «Hagitz zaila da, zailegia, hiltzeko prest ez dagoen hori lasai hiltzea». ‘Atte hil aurretik’, Miren Tirapu.
  • Txakolingunea: «Pintaden herri triste hau aukeratu ez genuen bezala, inork agindu gabe maitemindu ginen». ‘Utzidazu karmina kentzen’, Urtzi Urrutikoetxea.
  • Rekalde Aretoa: «Isiltasuna ezagutzen duzunean iritsiko zara zeure burua ezagutzera». ‘Zazpigarren uhina. Ni eta gu’, Pako Aristi.
  • Ondare Aretoa: «Ez nau beldurrak beldurtzen». ‘Bidean ikasia’, Arantxa Urretavizcaya.