Donostiako Udalak Santa Klara uharteko kaiko dikea konponduko du

0

Tokiko Gobernu Batzordeak Santa Klara uharteko kai-muturraren lurreztatzeko proiektua onartu du. Proiektu horren helburua da egitura horren zimenduak sendotzea, egonkortasuna bermatzeko eta Santa Klara uhartearekiko itsas komunikazioak behar bezala garatzen laguntzeko.

Eneko Goia alkateak argitu duenez, “konponketa hau beharrezkoa da, ekaitzak eta olatu handiak direla eta, dikea azpitik zulatzeko eta hausteko arriskua dagoelako”.

Gaur egungo egoeran, arrisku larria dago azpitik zulatzea areagotzeko, kai-muturraren zimenduak zulatuz eta, ondorioz, hausteko arriskuarekin, eta horrek uhartearekiko itsas komunikazioak segurtasun-baldintzetan egitea eragotziko luke. Premiazkoa da, bere neurriagatik, itsasontziak porturatzen diren eskaileretatik hurbilen dagoen sakonunean esku hartzea, hain zuzen, uhartearekin itsas komunikazioa ahalbidetzen duen gunean.

Proiektuan jasotako obrek barne hartzen dituzte hormigoizko takoiaren nahiz zementu hidraulikoko zakuen, harri solteen, harri-lubeten eta kai-muturraren oinean dagoen harearen kota artekoa eraistea, hondeatzea eta dragatzea, eta hormigoi urperatuaren bidezko lubeta berri bat egitea.

TYPSAk idatzitako proiektu honek 261.781 euroko aurrekontua du eta 3 hilabeteko epea du gutxi gorabehera. Ez dira kontuan hartu lan jakin bat egitea galarazten duten balizko egoera klimatiko txarrak eragindako geldialdiak.