Euskadiko Dokumentu-Kudeaketa Integralaren eta dokumentu-ondarearen legearen proiektuak Euskadiko Artxiboen Sistema eta Euskadiko Artxibo Historikoa finkatzen ditu

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera, honek koronabirusari buruzko azken datuak eman ditu.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak oniritzia eman diola gaur “Euskadiko Dokumentu-Kudeaketa Integralaren eta dokumentu-ondarearen legearen proiektuari”. Honek aukera eskainiko du aurrera egiteko, zerbitzu publikoen informazioaren kudeaketaren hobekuntzan, gardentasun-printzipioaren garapenean, dokumentu-ondarearen babesean eta herritarrek informaziora irispidea izateko duten eskubidearen aitorpenean eta erabileran. Zupiria sailburuak azpimarratu du lege hau modurik onena dela Euskadiko dokumentu-ondareari balioa emateko, hura kontserbatzeko eta hari jarraipena emateko, murgilduta gauden digitalizazio-prozesuan. “Lege honek, besteak beste Euskadiko Artxiboen Sistema arautu eta Euskadiko Artxibo Historikoa sortuz, erantzuna eman nahi die, gizarte digitalizatuaren testuinguruan, dokumentuen kudeaketa integralak bere gain dituen erronka guztiei, jakitun, dokumentuen kudeaketa integralak nahi-ta-nahiezko baldintza duela dokumentuen antolaketa egoki eta sendo baten oinarria izatea”, esan du Bingen Zupiriak.

OSASUNA

Bestalde,  Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi du egoerak kezkatzeko modukoa izaten jarraitzen duela. «Joerak gora egiten jarraitzen du, eta ez dago zantzurik datozen egunetan aldatuko denik. Adierazle batzuk gorabeheratsuak izaten ari dira, baina hori ez da nahikoa joera aldaketa bat aurreikusteko «, azaldu du. Gainera, positibo bakoitzak ondoren asistentzia arloan eragina duela gogorarazi du; eta azken aste honetan presioa areagotu egin dela, bai lehen mailako arretan, bai ospitalean. Zentzu horretan, nahiz eta egoera ona ez izan, Osakidetzak herritar guztien osasuna bermatzen jarraitzen duela azpimarratu du.

Txertoari dagokionez, Sagardui sailburuak jakitera eman du gaur egun 640.556 dosi eman direla, herritarren % 21ek lehen dosia jaso dutela eta % 8,1 erabat immunizatuta daudela; halaber, argitu du jasotako dosiekin arrisku handiko pertsonei txertoa jartzen jarraituko dela, eta adinaren arabera, 74 eta 79 urte bitarteko eta 60 eta 65 urte bitarteko kolektiboei.

Osasun sailburuak azpimarratu duenez, herritarrak oso erantzun ona ematen ari dira Osakidetzak txertoa hartzeko egin duen deiari, eta horren erakusgarri da ordu gutxitan 74 eta 79 urte bitarteko biztanleek eskuragarri dituzten ia hitzordu guztiak agortu direla. “Sentitzen dugu, baina argi izan behar duzue inor ez dela txertorik gabe geratuko«, gaineratu du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gaurko Gobernu Kontseiluak EH Bildu legebiltzar taldeak aurkeztutako saltoki handien ingurumen-zergari buruzko lege proposamena aztertu du. Zupiria bozeramaileak jakitera eman du tramitazio-eskabidea ez aintzat hartzea erabaki duela Gobernu Kontseiluak, izan ere, Jaurlaritzaren ustez, lege-proposamena kontraesanekoa izango litzateke Euskadiko erakundeek lankidetzan onartutako zerga-sistemaren ereduarekin eta, gainera, disfuntzioak sortuko lituzke pandemiaren ondorio larriak pairatzen ari den merkataritzaren sektorea babesteko politiketan.

Gaurko Kontseiluak, bestalde, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren eta Lanbideren arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu du gaur, iruzurraren aurka borrokatzea eta funts publikoen kargura ematen diren diru-laguntzen eta prestazioen kudeaketa hobetzea eta arintzea ahalbidetuko lukeen informazioa trukatu ahal izateko.

Gainera, Gobernu Kontseiluak, gaur, Osasun Sailak proposatuta, BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren laguntzen deialdia onartu du, 809.026,80 eurokoa; kopuru hori 2020ko EiTB maratoia ekimen solidarioan lortu da, eta COVID-19aren inguruko ikerketa-proiektuetara bideratuko da.

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak bi lankidetza-hitzarmen sinatzea baimendu du gaurko bileran. Alde batetik, Hezkuntza Saila eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren arteko hitzarmena, 868.000ko diru-kupuruarekin, 2021-2022 ikasturtean Euskadiko ikastetxe publikoetan arituko diren 155 elkarrizketa-laguntzaileen jarduera arautzen duena. Eta, bestetik, Hezkuntza Sailaren eta UNED Urrutiko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena, bertan, lan akademiko, kultural eta soziala aitortzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak ikastetxe horien finantzazioan parte hartzeko kompromisoa eta modua finkatzen ditu.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio gaur eLankidetza Garapenerako Euskal Agentziak Addameer [Adamir] Prisoner Support and Human Rights Association elkarteari emandako 150.000 euroko diru-laguntzari. Addameer elkarteak Israelek atxilotutako preso politiko palestinarren eskubideak defendatzen ditu.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Sailak proposatutako bi diru-laguntza berri onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak. Batetik, 400.000 euro, film luzeak, serieak eta miniserieak sortzeko, ekoizteko eta zabaltzeko. Eta, bestetik, 510.000 euro arte eszenikoak, musika eta literatura sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena