Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak preso palestinarrei asistentzia ematen laguntzen du

0

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren dirulaguntza bat Addameer Prisoner Support and Human Rights Association elkarteari zuzentzeko; erakunde horrek Israeleko preso politiko palestinarren eta atxilotuen eskubideak defendatzen ditu. Zehazki, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 150.000 euroko laguntza ekonomikoa emango dio erakunde horri.

Dirulaguntza horren helburua da erakundeak lege-asistentzia espezializatua eta doakoa ematea bai herritar palestinar presoei bai haien familiei. Addameer elkarteak kolektibo horren aurka eginiko giza eskubideen urraketen segimendua ere egingo du. Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza Covid-19a jasan duten edo jasaten ari diren presoei iritsiko zaie, bereziki, laguntza moduan.

2015etik, eLankidetzak Addameer babestu du, palestinar atxilotu eta presoen giza eskubideak defendatzen laguntzeko.