Muskizeko Ertzain-etxeko mugapean mila biztanleko 31,72an kokatu da kriminalitate-tasa 2020an

0

COVID-19aren pandemiak eta konfinamenduak markatu duten urtean

Muskizeko mugapeko udalerrietan erregistratutako arau-hauste penalek orokorrean behera egin zuten Portugaleten, Santurtzin, Ortuellan eta Zierbenan, eta gutxi gorabehera mantendu egin ziren Abanton eta zertxobait gora egin zuten Muskizen bertan. Jaitsiera batez ere delitu estrategikoetan, ebasketetan eta lapurretetan izan da, bai eta indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurreta-delituetan ere.

Joan den martxoaren 16an elkartu zen Santurtziko udaletxean Ertzaintzaren eta Portugalete, Santurtzi, Ortuella, Abanto-Zierbena, Muskiz eta Zierbena udalerrietako udaltzaingoen Koordinazio Batzordea. Bileran izan ziren Portugalete, Santurtzi, Ortuella, Abanto-Zierbena, Muskiz eta Zierbenako alkateak eta ordezkariak, Ertzaintzaren lurraldeko arduradunak, Muskizeko Ertzain-etxeko arduradunak eta udalerrietako udaltzaingoen arduradunak.

2020ko arau-hauste penalei buruzko datuak alerta- eta alarma-egoera sanitarioek baldintzatu dituzte, pertsonen mugikortasuna mugatu baitute. Kriminalitate-tasei dagokienez, mugapeko tasa mila biztanleko 31,72an kokatu da, baxuenetako bat izanik, eta aurreko urtearekin alderatuta 34,45 egin du behera.

Tasak udalerri guztietan egin du behera; salbuespenak dira Abanto, zertxobait gora egin baitu (% 0,59) eta Muskiz, kasu honetan igoera zertxobait handiagoa izanik (% 4,3). Nabarmendu behar da aipagarria dela Ertzaintzak Zierbenan erregistratutako arau-hauste penaletan izandako jaitsiera (-% 29,14);  hala eta guztiz ere, Zierbena da mugapean kriminalitate-tasarik handiena duen herria. Horretan eragina dute Zierbenako portuan, hondartzan eta beste puntu batzuetan burutzen diren delituek (batez ere ebasketak pertsonei eta lapurretak ibilgailuetan), hain zuzen ere udan beste herri batzuetako jende asko hurbiltzen delako.

Argitutako delituen tasa % 48,76koa da mugapean, eta aurreko urtearekin alderatuta igoera % 6,38koa izan da; Euskadiko altuenetako bat da. Atxilotuen eta ikertuen kopurua antzekoa izan da: 1.786 pertsona 2020an eta 1.806 pertsona 2019an.

Delitu “estrategikoen” bilakaera

Datu estatistikoen analisitik ondorioztatzen da batez ere delitu estrategikoek egin dutela behera, nagusiki ondarearen aurkako delituek, ebasketek eta lapurretek, bai leku itxietakoek, bai etxebizitzetakoek eta bai enpresetakoek. Aipatzekoa da indarkeria eta/edo beldurra erabiliz egindako lapurreta-delituetan izan den beherakada ere.

Beste alde batetik, eta joera orokorra da, gora egiten jarraitzen dute modu esponentzialean Internet bidez egindako iruzur-delituek, eta gogoratu behar da aurreko urteetan hautemandako joera dela eta areagotu egin dela online erosketek eta transakzioek gora egin izanaren ondorioz. Iruzur-delitu horiek 2020an mugapean erregistratu diren arau-hauste penal guztien % 24,57 izan dira.

Pertsonen aurkako delituen atalean, Muskizeko mugapean zertxobait gora egin dute 2020an genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako delituek, indarkeria psikologikoa erabilita burututakoek (behera egin dute indarkeria fisikoa erabilita burututakoek) eta sexu-askatasunaren aurkako delituek. Ertzaintzak berriz ere nabarmentzen du udaltzaingoekin elkarlanean jardun beharra emakumeen aurkako indarkeriarekin erlazionatuta irekitako espedienteetan.

Muskizeko Ertzain-etxeak 2020an, alarma- eta alerta-egoera sanitarioen ondorioz, 4.400 COVID kontrol burutu zituen, eta jarduketa horiei mugapeko udaltzaingoek burututakoak batu behar zaizkie.

Horrez gainera, eta 2020ko urriaren 9an hasi zen portuko zamaketarien greba zela-eta, operatibo bat diseinatu zen istiluak saihesteko eta lan egin nahi zuten langileen lan egiteko eskubidea bermatzeko eta, ahal zen neurrian, portuko enpresen lanetan interferentziak saihesteko.

Estrategia bateratua, prebentzioa, koordinazioa, informazioa eta analisia

Ertzaintzaren eta udaltzaingoen estrategia aurrerantzean ere izango da udalerrietan patruilen, bai auto-patruilen bai oinezkoen, lana indartzea, hain zuzen ere, herritarren segurtasun-pertzepzioa areagotzeko eta bizilagunek segurtasunaren arloan dituzten premiei erantzuteko, bai eta giza eta material baliabideei probetxu hobea ateratzeko ere.

Azken alderdi horri dagokionez, Batzordean nabarmendu ziren Muskizeko Ertzain-etxeko buruak eta mugapeko udalerrietako udaltzainetako buru guztiek izenpetutako koordinazio-protokoloak.