Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Iragaitzazko Migratzaileei Premiazko Harrera emateko Erakunde arteko Koordinazio Mahaia zuzendu du gaur goizean. Mahaia Irungo Gordailua eraikinean bildu da. Ondoren, sailburuak eta Mahaiko kideek Hilanderas kaleko harrera-zentroa bisitatu dute.
“Guztien arteko lankidetza eta indarren batasuna funtsezkoak izan dira erantzun koordinatu eta, batez ere, humanizatu bizkor hori emateko”, azpimarratu du Artolazabalek, eta Mahaia osatzen duten erakundeen eta hirugarren sektoreko agenteen baterako lanaren balioa jarri du agerian.
Bileraren esparruan, joan den martxoaren 6an abian jarritako kontingentzia-planaren indargabetzea iragarri da. Egun hartan, iragaitzazko ehun bat migratzaile iritsi ziren 60 lagunentzako edukiera duen Hilanderas kaleko postura. Egoera horren ondorioz, adierazitako plana abiarazi zen, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendari Xabier Legarretaren koordinaziopean. Irungo erromesen aterpetxea eta Hondarribiko aterpetxea arreta-baliabidean sartu ziren.
Halaber, Erakunde arteko Mahaiak konpromisoa hartu du uda baino lehen berriz biltzeko eta udako premietara egokitutako plan espezifiko bat aurkezteko, iragaitzazko migratzaile gehiago iritsi ohi baitira udan.
“Erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da iragaitzazko migratzaileen arretan. Elkarrekin lan egiteak batzen gaitu, eta, kasu honetan, funtsezkoa den gauza batengatik, hots, erantzun humanoa, neurrikoa, jasangarria eta solidarioa eskaintzeagatik”, argudiatu du Artolazabalek.
1.074 pertsona hilabete eta erdian
Eusko Jaurlaritzak abiarazitako baliabideek iragaitzazko 1.074 migratzaileri eskaini diete arreta martxoaren 1az geroztik. Urteko beste aldi batzuetakoa baino askoz zifra handiagoa da. Ildo horretan, martxoa nabarmendu da, hilabete horretan 773 pertsonari eskaini baitzitzaien arreta.
Hilanderas kaleko baliabideak 60 pertsonarentzako edukiera du Covid-19aren baldintzatzaileak kontuan hartuta, eta urte osoan iragaitzazko migratzaileen kolektiboari arreta eskaintzeko irekita dagoen baliabide bakarra da. Zentroa kudeatzen duen Gurutze Gorriaren erregistroaren arabera, urtarrilean 320 pertsonari eman zitzaien arreta Hilanderasen; otsailean, berriz, igoera txiki bat izan zen, eta kopurua 482ra iritsi zen. Halaber, martxoan migratzaile asko iritsi ondoren, apirilean 301 asistentzia kontabilizatu dira astelehenera bitarte.
Hain zuzen ere, martxoko tentsioak behera egin eta ohiko arreta kopuruetara itzuli ondoren, Erakunde arteko Mahaiak indargabetu egin du kontingentzia-plana. Edonola ere, noiznahi abiarazi ahal izango da berriz, zirkunstantzien arabera beharrezkoa bada.
Ildo horretan, hainbat erantzun aurreikusten ditu beste hainbeste egoeratarako, eta, kasurik okerrenean, 500 pertsona ingururi eskaini ahal izango zaie arreta. Hondarribiak, adibidez, ehun ohe inguru prestatu zituen martxoan bertako pilotalekuan, etorrerek gora egingo zutela aurreikusita, baina azkenean ez ziren erabili behar izan. Era berean, Bilbok, Tolosak, Donostiak eta Irunek berak beharrezkoak diren heinean abiarazteko moduko espazioak dituzte.
“Iragaitzazko ezein pertsona ez da geratu arretarik gabe, eta inori ez zaio atea itxi. Pertsona guztiek izan dute atseden hartzeko, garbitzeko eta elikatzeko aukera”, adierazi du Artolazabal sailburuak.
Bisita Hilanderas kaleko baliabidera
Bilera amaitu ondoren, Erakunde arteko Mahaiko kideak Hilanderas kaleko baliabidera joan dira, eta, bertan, sailburuak eskertu egin du Gurutze Gorriko eta beste elkarte batzuetako profesionalen eta boluntarioen lana. “Zuen ekarpena egin duzue iragaitzazko migratzaileek tratu duina eta espero den mailako arreta humanitarioa izateko”, adierazi du Artolazabalek.
Bestalde, Euskadiko Gurutze Gorriko koordinatzaile autonomiko, Aitor Allendek eskertu egin du Eusko Jaurlaritzaren, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren, aldundien, udalen eta “inplikatutako gainerako agenteen” babesa. “Askotan, migrazio-prozesuen ondorioz, milioika gizonek, emakumek eta haurrek kalteberatasun handiko egoerak pairatu behar izaten dituzte, esplotazioa, prostituzioa eta pertsonen salerosketa barne. Gure premia-ebaluazioak giza eskubideetan oinarrituta daude”, gaineratu du Allendek.
Beatriz Artolazabalek, bere hitzak amaitzeko, erakundeen eta hirugarren sektorearen arteko koordinazio-lana azpimarratu du berriz ere. “2018ko esperientziaren ondoren, elkartasunaren eta gizatasunaren eredu dela erakutsi duen baterako laneko sare bat egituratzeko gai izan gara; bizi-istorio hunkigarriez betetako migratzaileen duintasuna babestu duen sare humanitario bat sortzeko gai izan gara”.