Lehendakariak Talgok Rivabellosan duen lantegia bisitatu du

0
Fuente: Irekia

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera, Talgok Rivabellosan duen lantegian izan da gaur goizean. Bertan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza covid osteko garairako prest dago, «Euskadiko ekosistema ekonomikoa hobetzen jarraitzeko eta industria berde eta digital berriaren erronkak gainditzeko».

Bisitan, instalazioak ikusi dituzte eta tren baten fabrikazio-prozesua ezagutu ahal izan dute; gainera, Rivabellosan gaur egun egiten ari diren proiektu nagusien berri izan dute, hala nola abiadura handiko 30 tren-unitateak, Avril trena izenekoa, RENFErentzat edo Alemaniara bideratutako 23 Talgo 230 trenak, Berlin eta Amsterdam lotuko dituztenak.

Lehendakariak, bisita honetan, jakin du Talgok gaitasuna handitzea eta bi urtetan 400 auto ekoiztea espero duela. Urkulluren iritziz, albiste hori positiboa izango litzateke enpresarentzat, bai eta industria-ingurune osoarentzat ere. Zentzu horretan, konpainiak bertako hornitzaileekin eta inguruko enpresekin duen konpromisoa nabarmendu du. «Euskal ekosistema industriala indartzen duen ekarpena da», adierazi du.

Lehendakariaren arabera, Rivabellosan Talgok duen lantegia Arabako eta Euskadiko dinamizazio sozial eta ekonomikoaren poloetako bat da. Alde batetik, Talgok ekoizpen-jarduerari eustea lortu duelako, inguruko profesionalen talentuari eta kualifikazioari esker. Bestetik, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren aldeko apustua egiten duelako, nortasunaren eta etorkizunaren ezaugarri gisa. «Planta hau industriarekiko, teknologiarekiko, berrikuntzarekiko, jasangarritasunarekiko eta nazioartekotzearekiko konpromisoaren adibide bat da. Araba eta Euskadi trenbide-mugikortasunaren abangoardian kokatzen ditu», azaldu du.

Pandemiaren urte luze honetan, non Osasun Publikoa lehentasuna izaten ari den, Urkulluk azpimarratu du auzolanari esker jarduera ekonomikoa, ekoizpen industriala eta enplegua mantentzen ari direla. Hain zuzen ere, ostiral honetan, Industriaren Egoeraren Behatokiaren esparruan, trenbide-ekipamenduen sektore horren eta, oro har, euskal industriaren osasuna aztertuko dute. Lehendakariak adierazi du aurreikuspenak onak direla, «kontratuak ez direlako gelditu eta fakturazioa mantentzen ari delako»; gainera, esportazio- eta enplegu-mailei eutsi zaie.

TALGO

Talgo 40.ko hamarkadaren hasieran sortu zen, Euskadiri lotuta, eta abiadura handiko tren arinak diseinatzen, fabrikatzen eta mantentzen ditu. Rivabellosako lantegitik, Arabako zigilua duten trenak egiten dira, munduko bazter guztietara esportatzen direnak eta trenbide-mugikortasunaren abangoardian kokatzen direnak. Izan ere, 700 pertsonatik gora dituen eta urtero 290 bagoi egiten dituen lantegi hau Talgok dituen lantegi guztietatik handiena da, 40.000 metro karratu baino gehiago ditu, eta, beraz, funtsezko eragilea da konpainiaren proiektuetarako eta nazioarteko hedapenerako.