Eusko Jaurlaritzak Euskadin adinekoentzako egoitza-ereduari buruzko hausnarketa-prozesua du abian

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Eusko Jaurlaritzak abian duen hausnarketa-prozesu berria aurkeztu du. Adinekoentzako egoitza-ereduaren inguruko parte hartzeko prozesua, zeinak “zahartze egokia eta betea garatzeko aukera» emango baitie, Artolazabalek esan duenez. “Hausnarketa hori gidari izan dezakegu gure egungo eredua birpasatzeko edo ez birpasatzeko, haren emaitzaren arabera. Baita EAEko egoitza-zentroak arautzen dituen dekretua ere”.

Parte hartzeko prozesu horren helburua da Euskadiko eredua nola hobetu eta, aldi berean, jasangarritasunari nola eutsi dakiokeen detektatzea. “Gai izan behar dugu nahi dugun etorkizuna ikuskatzeko, herritarren behar eta nahiekin bat datorrena, dauden baliabide eta lege-testuinguruen esparruan”, esan du sailburuak. Urtea amaitu aurretik, Gobernuak espero du prozesu horren gomendioak jasotzea eta, ondoren, balioetsi eta erabakiak hartu ahal izatea, baldin eta hala egitea gomendatzen bada.

“Adinekoen profila aldatzen ari da; asertiboagoak eta komunikatiboagoak dira haien beharretan, prestakuntza handiagoa dute eta kontsumitzaile zorrotzen trebetasunak garatu dituzte”, esan du Artolazabalek. “Etxean bizitzea da gehienek nahi izaten duten aukera, eta, posible ez denean, etxe baten ezaugarriak dituen bizitoki batean, non pertsona bakartzat hartuko baitituzte eta haien ahalmenen arabera tratatuko baitituzte; non familiako partaidetzarako bide emango baita, profesional kualifikatuak izango baitituzte, adinarekin diseinu lagunkoia baitute, haien autonomia eta independentziarako lagunduko baitute eta erkidegoarentzako jarduera irekiak baitituzte. Eskari horiei erantzuteko, eredu humanistagoak har daitezke, adinekoari aholkulariaren eta kontsultorearen rola esleituko dizkiotenak eta haren zaintzen kudeaketan eragile aktibotzat hartuko dutenak”.

Gaur egun, egoitza-ereduaren esparru teorikoa pertsonan oinarritzen den arreta integralerako eredura bideratzen da; hark hobekuntzak bilatzen ditu pertsonaren bizi-kalitatearen eta ongizatearen eremu guztietan eta, horretarako, haren duintasunerako eta eskubideekiko, interesekiko eta lehentasunekiko erabateko errespetua du oinarrian eta haren parte-hartze eraginkorra aintzat hartzen du.

Aditu-taldea

Prozesuak tartean diren eragile guztiak barne hartuko ditu; espazioak izango dituzte haien iritzi eta irizpideak emateko, eta datozen hilotan zenbait aldiz batuko den aditu-taldea du. Taldea ospe handiko 13 pertsonak eratzen dute, besteak beste: Brígida Argote, erizain gerontologoa eta antropologoa; gaur egun, Lakua egoitza zuzentzen du, eta Arabako Foru Aldundiko batzorde etikoko kide da. Bera egon da, gaur, Artolazabalekin batera, proiektuaren aurkezpenean, eta mahaia, jarraian, eLankidetzaren egoitzan batu da.

Argoterekin batera, aditu-taldea honako hauek eratuko dute:

  • Mayte Sancho, psikologoa eta plangintza gerontologikoko aditua eta ikertzailea.
  • Marije Goikoetxea, Giza Eskubideetako doktorea, Psikologiako eta Teologiako lizentziatua, Bioetikako eta gizarte-eraikuntzarako etikako aditua eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea.
  • Alberto Meléndez, zainketa aringarrien medikua eta Arinduz-eko presidentea.
  • Jorge Morales, Urgatzi taldeko zuzendari nagusia.
  • Laura Rodríguez, Caser Betharram-eko zuzendaria.
  • Álvaro Mosquera, Aspaldiko fundazioaren ordezkaria.
  • Ana Urrutia, geriatra eta Cuidados Dignos fundazioaren presidentea.
  • Naiara Fernández, geriatra eta laguntza-zuzendaria IMQ Igurcon.
  • Raquel San Sebastián, Adinberriko zuzendari nagusia.
  • Alex Gómez, bizitza-luzera inklusiboko ekosistemetarako gizarte-berrikuntzako aditua.
  • Judith Salazar, Lizaran zentroko zuzendaria eta Matia Fundazioko egoitza-zentroen zuzendaritzako kidea.
  • José Antonio Ezkerra, Lares Adinekoen Egoitzen eta haiei Arreta Emateko Euskadiko elkarteko presidentea.

Aditu-talde horrez gainera, tartean diren kolektibo guztiek espazioak izango dituzte beren ideia, proposamen eta argumentuak aurkezteko: foru-aldundiak, egoitzetako adineko erabiltzaileak, haien familiak, adinekoen beste kolektibo batzuk, egoitzetan lan egiten dutenak, sindikatuak, patronalak, etab.

Prozesu hori Agenda Nagusiaren bidez egingo da, adinekoekin parte hartzeko Eusko Jaurlaritzaren ereduaren bidez; dagoeneko ari da herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egiten erabakiak hartzeko orduan. Prozesuan honako hauek egotea aurreikusten da: hiru elkarrizketa, lau eztabaida-foro, Ages Kafe izeneko bi topaketa (betiere osasun-neurriak beteko dira), Agenda Nagusi Telebistaren programa bat (online emango da) eta galdetegi ireki bat (Irekiaren webean).