Drogaren salmenta-puntu bat desegin dute Gorlizen

0
PRUEBA

Ertzaintzako eta Guardia Zibileko agenteek gizon bat eta emakume bat, 37 eta 41 urtekoak, atxilotu zituzten joan den astean Gorlizen, bi polizia-kidegoek droga-trafikoaren kontra egindako “Erramu-Bilibio” operazio bateratuaren esparruan. Bi pertsonak atxilotu zituzten lekua substantzia sorgorgarriak saltzeko puntu bat zen, eta Bizkaiko eta Errioxako beste trafikatzaile batzuk eta kontsumitzaileak hurbiltzen ziren bertara. Miaketan 860 bat gramo speed, 3.440 dosi egin ahal izateko adina, eta estasi-pilulak, marihuana, debekatutako armak, dirua eta beste hainbat gauza atzeman zituzten.

Polizia-dispositibo bati esker drogaren salmenta-puntu garrantzitsu bat desegin ahal izan da Gorlizen (Bizkaian), eta, ikerketaren arabera, speeda, estasia eta marihuana hornitzen zizkieten bertan Bizkaiko eta Errioxako trafikatzaileei eta kontsumitzaileei.

Polizien arteko koordinazioa eta lankidetza

Urtearen hasieran, CITCO – Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak atzeman zuen Ertzaintza eta Guardia Zibila pertsona bera ikertzen ari zirela droga-trafikoarekin lotuta, eta ezarrita dauden lankidetza-mekanismoak abian jarri ondoren, erabaki zuten bi polizia-kidegoek operazio bateratu bat, “Erramu-Bilibio” izenekoa, gauzatzea.

Egindako polizia-dispositiboen bidez jakin ahal izan zuten susmagarri nagusiak, bikotekidearekin batera, drogaren salmenta-puntu garrantzitsu bat zuela Gorlizeko industria-nabe batean.

Aipatutako pabiloiak segurtasun-kamerak eta zaintza-sistema bat zituen, poliziaren presentzia hautemateko. Bertara Bilboko eta Errioxako trafikatzaileak eta kontsumitzaileak hurbiltzen ziren speeda, estasia eta marihuana erostera.

Froga egozgarri guztiak lortu zituztenean, baterako ikerketa taldea joan den apirilaren 13an sartu zen nabean ustekabean, eta bi inplikatuak atxilotu zituen.

Nabea miatu zutenean atzeman zituzten 860 bat gramo speed, 3.440 dosi prestatzeko adina, estasi-pilulak, marihuana eta popperra; 6,35eko kalibreko pistola bat, serie-zenbakia ezabatuta zuena, eta tasser erako bi arma paralizatzaile; dirutan 4.600 €; eta lau telefono mugikor, bi ordenagailu eramangarri, USB memoria bat, billeteak zenbatzeko makina bat, laser-neurgailu bat, giltza dinamometrikoak, ontziratzeko bi makina, baskula digitalak eta dokumentazioa.

Drogaren salmenta-puntuaren ustezko arduradunak, 37 eta 41 urteko gizon bat eta emakume bat, atxilotu egin zituzten, eta droga-trafikoagatik osasun publikoaren aurkako delitu bat eta armak zilegi ez den moduan edukitzea leporatu zieten, partaidetza-gradu ezberdinetan. Atxilotuak Sestaoko ertzain-etxean egon ziren epailearen esku jarri arte

Ertzaintzak instruitutako eginbideak, atxilotuak eta atzemandako gauzak Getxoko Laugarren Instrukzio Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten, eta honek atxilotutako gizona espetxean sartzeko agindua eman zuen.