Iñaki Arriola: “Ez dago etxebizitzaren arazoari aurre egiteko mirarizko errezetarik; politika integral, koherente eta iraunkorrak behar ditugu eraginkorrak izan daitezen”

0

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak gaur goizean adierazi duenez, ez dago “etxebizitzaren arazoarekin amaitzeko mirarizko errezetarik, ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez beste inon”, eta politika horiek eraginkorrak izan daitezen, integralak eta koherenteak izan behar dute, eta etengabe aplikatu behar dira denbora luzez.
Arriola sailburuak “Forum Europa. Tribuna Euskadi” foroan egin ditu adierazpen horiek. Bertan, gainera, mugikortasun iraunkorrarekin, trenbide-azpiegiturekin, hiri-agendarekin eta auzo kalteberak berroneratzearekin lotutako gaiak jorratu ditu.
Espainiako etorkizuneko Etxebizitza Legearen barruan alokairuen prezioa erregulatu eta kontrolatzeko mekanismoak sartzea komeni ote den galdetuta, sailburuak esan du badakiela Espainiako Gobernuaren lege-proiektua zer-nolako garrantzia hartzen ari den, baina “tramitazioaren azken emaitza zein den ikusi beharko da”, adierazi du.
“Tresna guztiak baliagarriak izan daitezke une jakin batean, baina neurri bakarra ez da panazea. Aldi berean jardun behar da etxebizitza-eskaintzan eta -eskarian, eta sustapen- eta pizgarri-neurriak beste neurri murriztaileekin uztartu behar dira. Hori da Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzen ari garen politika”, adierazi du.
Eta gaineratu du, bide luzea geratzen zaigun arren, Euskal Autonomia Erkidegoak babes soziala duela etxebizitzaren arloan, Espainiako gainerako lurraldeetan parekorik ez duena. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzaren arloak eraikuntza berriak egitea eta etxebizitza hutsak erakartzea sustatzen du, eta alokairua ordaintzeko dirulaguntzen sistema bat du. Halaber, hutsik dauden etxebizitzak kanon ekonomiko batekin zigortuko dituen dekretu bat azkentzen ari da, alokairurako hobariak dituen erreforma fiskala proposatu du eta gazteei etxebizitza eskuratzeko aukera errazteko neurri espezifikoak ezarri ditu.
Garraioei dagokienez, Arriola sailburuak adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistema mugikortasun berrira egokitzeko modernizatzea dela legegintzaldi honetako erronketako bat. «Legegintzaldi hau emankorra izango da tren-azpiegituren garapenean», ziurtatu du.
Ildo horretatik, garraio-sistema berriak ezartzeaz —hala nola BEA (Bus Elektriko Adimenduna), Gasteizen eta Donostian—, Gasteizen eta Bilbon tranbia-sarea handitzeaz eta Donostiako metroaren lurpeko igarobidea ezartzeaz gainera, Sailaren zeregin garrantzitsuenetako bat trenbide-sarea garatzea da oraindik ere, bai Eusko Jaurlaritzaren sare propioa (Euskotren), bai Euskal Autonomia Erkidegoko sare berria, hau da, “euskal Y”.
Mugikortasun Jasangarriari buruzko Legea ere aipatu du. Horren aurreproiektuak dagoeneko hasi du informazio publikoaren prozesua, eta argi eta garbi ezarriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko mugikortasun jasangarriaren arloko politikaren jarduketa-printzipioak eta helburuak.
Hiri-berroneratzeari dagokionez, sailburuak adierazi du azken hiru urteetan Sailak Bultzatu 2050 garatzeko oinarriak ezarri dituela, auzo kalteberetan esku hartuta. Horren helburua da hobetzea, etxebizitzen energia-efizientzia eta irisgarritasuna ez ezik, ingurumen-, gizarte-, ekonomia- eta gobernantza-alderdiak ere.

Abian dauden programa pilotuekin —Otxarkoaga, Txonta, Txomin Enea, Aramotz (Durango) eta Koroatzea— lortutako esperientziari esker, Euskal Autonomia Erkidego osoan hedatutako ekintza-plan bat sustatu ahal izango da. Plan hori Next Generation Europako laguntza-planaren barruan sartuta dago.