Betirako programak eskaintzen duen dolurako laguntza psikologikoa jaso dute 600 pertsona baino gehiagok

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak esan du azken hilotan pertsona maiteak galdu dituzten eta dolu horri aurre egin dioten pertsonak eredu direla gure gizartearentzat. “Erakusten duzue, sufrimendua egonik ere, baretasun-, lasaitasun- eta onarpen-egoerarantz egin dezakegula”.

Lehendakariak pertsona eta familia horiek guztiak omentzeko eta aintzatesteko ekitaldian parte hartu du, Vitoria-Gasteizko Salburuako hezeguneen interpretazio-zentroan (Ataria). Ekitaldian, Betirako programaren balantzea egin da. Programa Inor Atzean Utzi Gabe Covid Funtsetik sustatzen da; funtsa Eusko Jaurlaritzak aktibatu zuen, Sareen Sarea Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sarearen eskutik, pandemiak eragindako gizarte-ondorioak arintzeko.

“Inoiz baino gehiago ikasi dugu talde lanaren garrantzia. Soilik talde lan horretatik, solidaritate enpatiko batetik eta gertutasunetik bideratuko dugu ondorengo itxaropentsua Euskadirentzat”, esan du Berdintasun sailburu den Beatriz Artolazabalek. “Ezjakintasunarekin batera jardutea eta bizitzea da pandemia honek utzi gaituen irakaspenetariko bat”.

Programak, pasa den ekainaren 1etik, abian jarri zenetik, 600 pertsona baino gehiagori eman die arreta, Lehendakariak berak iragarri duenez; familia horiek dolurako laguntza psikologikoa jaso dute. Urkulluk eskerrak eman ditu nagusiki Betirako programako profesionalen eginkizun “profesionalagatik eta gizatiarragatik”. “Bokazioa erakutsi duzue familiei beti zaila den eta egoera honetan bereziki traumatikoa den dolutik irteten hurbiltasunez laguntzeko orduan”, esan du.

Betirako prebentzio-zerbitzua da; hartara, galera gertatzen den lehen uneetatik jo daiteke. Prozesuan, asmoa da, batetik, dolua zailtzen ari diren arrisku-faktoreak detektatzea eta, bestetik, pertsona eta familia bakoitzak dituen kanpo- eta barne-baliabideak sustatzea. Horrela, ondoez psikologikoa eragiten duten sintomek bizitzarako eta harremanetarako ezgaitasuna eragin dezaten prebenitzen da.

“Nahasmendu pertsonaleko, sinesgaiztasuneko, bakardadeko, ziurgabetasuneko eta tristezia orokorreko egoera orokorra bizi dugu eta bizitzen jarraitzen dugu. Sentimendu horiek maite dugun pertsona baten heriotzaren berezko mina areagotzen dute”, esan du Iñigo Urkulluk.

Betirako zifretan

Betirako programa doakoa eta publikoa da. 2020ko ekainaren 1ean jarri zen abian, gaur goizeko ekitaldia egin den leku berean egin zen ekitaldian, Atarian. Zerbitzurako beharra agerian geratu zen lehen 24 orduetan, 50 dei erregistratu baitziren laguntza eske.

Harrezkero, 600 eskari baino gehiagori eman zaie arreta gaur arte. Batez bestekoak erakusten du eguneko ia bi eskari berri jaso direla. Ildo horretatik, 13 izan dira azken asteko eskariak. Gaur egun, 260 pertsonak prozesu terapeutiko aktiboan jarraitzen dute, eta Betirakok, gaur arte, 120 alta baino gehiago kudeatu ditu.

Lurraldeen arabera, arreta jaso duten pertsonen % 55 Bizkaitik datoz; % 18, Arabatik; % 19, Gipuzkoatik eta gainerako % 8a, beste leku batzuetatik. Generoen arabera, % 83 emakumea da. Arreta jaso duten pertsonen batez besteko adina 52 urte da. Pertsona horien % 53k maite duten pertsona Covid-aren zuzeneko kausagatik galdu dute.

Ahaidetasuna dela eta, arreta jaso duten pertsonen % 54 hildakoaren seme-alabak izan dira, eta % 23, bikoteak. Doluagatiko arreta psikologikoaren inguruko kontsulta gehienak ondorengoen heriotzagatik izan dira; izan ere, bizi-zikloaren prozesu naturala apurtzeak hunkitu egiten du eta zailagoa da aurre egiteko. Betirakoren kasuan, eskari gehienen motiboa alderantzizkoa da; horrek erakusten du nolako eragin psikologikoa izaten ari den pandemiaren testuingurua galerei aurre egiteko. % 86k sentitzen dute ezin izan diotela beren pertsona maiteari bizitzaren amaieran lagundu.

“Egungo alarma-egoeran, aurretik sekula bizi izan ez ditugun egoerak ere bizitzen ari gara, hala nola gizarte-nahasmenduko egoera orokorra, urruntze soziala, sinesgaiztasuna eta tristura orokortua. Elementu horiek guztiek maite dugun pertsona baten heriotzak eragiten duen berezko min naturala areagotzen dute”, esan du Blanca Angulo Betirako programako zuzendariak.

Betirakok pertsona eta familiei laguntzen die haien baliabide pertsonalen balioa ezagut dezaten: esperientziei beste esanahi eta orientazio bat emateko gaitasuna, erregulazio emozionalerako gaitasuna, laguntza onartzea, indar pertsonala, autoestimua, gizarte- eta familia-laguntzaren pertzepzioa eta gogobetetasuna. Baliabide horiek aukera ematen dute bizipen hain mingarria gainditzeko eta bizitzari lasaitasun, segurtasun eta ongizate hobeaz heltzeko.

Ekitaldi sinbolikoa

Gaur goizean, ekitaldi sinbolikoa egin da Salburuako hezeguneetan, Ataria interpretazio-zentroaren ondoan, galdutako pertsonei omenaldia egin eta programaren balioa nabarmentzeko. Lehendakariaz gainera, ekitaldian Betirako programako profesionalen arreta jaso duten dozenaka pertsona eta asistentzia-taldea bera izan dira. Blanca Angulo programako zuzendaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea eta Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako diputatua izan dira ekitaldiko buru, besteak beste. Horiek guztiek lore-eskaintzan parte hartu dute, Gasteizko hezegunean.

Iñaki Palacios, Francisco Javier Garay, Xabi Martinez, Ziortza Elorriaga, Ainhoa Urkizu, Asier Castelos,Iñaki Orbegozo, Marina Eskisabel eta Iker Sanz musikariek ekitaldian jo dute.

Betirakorekin harremanetan jartzeko: 900 908 744 telefonoa edo www.betirako.org webgunea.