Ertzainek bost pertsona atxilotu dituzte asteburuan Donostian, desobedientzia eta atentatua leporatuta, egungo osasun-araudia betetzen den zaintzeko egindako esku-hartzeetan.
Larunbat gaueko hamaika eta erdiak baino zertxobait lehenago, Donostiako erdialdean zaintza- eta kontrol-lanetan ari zen bertako Ertzain-etxeko herritarren segurtasunerako patruila batek bi gizon eta emakume bat ikusi zituen San Martin kalean oinez. Alarma-egoeran ezarritako ordutegia urratuz kalean zertan ari ziren galdetu zietenean, hasiera batean ez zieten jaramonik egin ertzainek esandakoari, eta oinez jarraitu zuten. Agenteak identifikatzen saiatu zirenean, iraintzen hasi ziren eta patruilaren kontra jo zuten, eta patruilako kideei eraso ere egin zieten. Egoera horren aurrean, atxilotu egin zituzten atentatu-delitua leporatuta, eta, ondoren, polizia-egoitzara eraman zituzten zegozkion izapideak egitera. Atxilotuetako bi adingabeak ziren.
Bestalde, goizaldeko ordu bata baino lehentxeago, Ertzaintzara deitu zuten Donostiako etxebizitza batean ustez festa bat egiten ari zirela esanez, eta polizia-dotazio bat berehala agertu zen adierazitako lekura. Etxean musika eta zaratak entzun zituztenean, agenteak barruan zeudenekin harremanetan jartzen saiatu ziren, eta kanpora irteteko ere esan zieten, baina barruan zeuden gehienek, hasiera batean, ez diete jaramonik egin. Azkenean, etxean zeuden 21 pertsonak identifikatu zituzten, eta horietako bi desobedientziagatik eta jarkitze larriagatik atxilotu zituzten, patruila jarduleari aurre egin baizioten. Beste 15 pertsona ikerketapean geratu ziren, eta guztiei isunak jarri dizkiete osasun-araudia ez betetzeagatik.
Bizkaiari dagokionez, atzo goizaldean Ertzaintzak 29 pertsona ikusi zituen Sopelako hondartzan osasun-araudia urratzen, eta guztira 60 isun jarri zizkieten. Larunbat gauean Igorren antzeko egoera bat aurkitu zuten aparkaleku batean, eta 35 gazte identifikatu zituzten eta 46 akta ireki zizkieten Herritarren Segurtasunerako Legeari jarraituz.
Araban, bestalde, larunbat arratsaldeko lehenengo orduan bilera batean parte hartzen ari ziren eta egungo osasun-araudia errespetatzen ez zuten 18 pertsona zigortu zituzten Barrundia herrian. Guztira 42 akta ireki zizkieten.