Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.342 isun erregistratu dituzte asteburuan osasun-araudia ez betetzeagatik

0

Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.342 isun proposatu dituzte Euskadin ostiraletik igandera bitartean, pandemiari aurre egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauak urtatzeagatik. Horietatik gehienak, 943, alegia, zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek justifikatu gabeko joan-etorriak eragozteko eta indarrean dauden osasun-arauak betetzen direla zaintzeko egindako kontrolen ondorioz, 1.342 isun formulatu dituzte joan den ostiraletik, hilaren 23tik, igandera, hilaren 25era, bitartean. Horietako gehienak, 943, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte. Zehatz-mehatz, 521 isun gauean zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik bideratu dituzte, 149 eremu publikoetan nahiz pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik eta beste 273 EAEko edo norbera bizi den udalerriko sarrera-irteeretarako ezarritako mugak urratzeagatik.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 185 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 122 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxe-arloan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea, kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 314 isun Araban, 675 Bizkaian eta 353 Gipuzkoan.