Iñaki Arriolak alokairu babestua bultzatu du Sestaon

0

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak Visesak Sestaoko La Punta Vega Galindon egindako eraikinak bisitatu ditu gaur. Bertan, 50 etxebizitza inguru alokairuan entregatuko dira aste honetatik aurrera. Ekitaldian, Ainhoa Basabe Sestaoko jarduneko alkatea eta Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordea izan dira.

Urrats berri honekin, eta eraikin horrekin batera alokairu babesturako beste bi eraikitzeko egiten ari diren aurretiazko lanei esker, Eusko Jaurlaritzak beste bultzada bat eman dio alternatiba horri. Hain zuzen, Etxebizitza Legeak lehenetsi egiten du aipatutako alternatiba herritarren etxebizitza-arloko beharrei erantzuteko.

Sestaoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen baten bidez 2005ean hasitako Sestaoko gizarte- eta hirigintza-arloko berroneratze-programan aurrera egiteko beste urrats bat da aste honetakoa, eta bai Vega Galindon, bai Txabarri – El Solen izango du eragina. Herri industrial honetako bi puntuetan egiten diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidego osoko esku-hartze handiena dira etxebizitzaren, alokairurako eraikuntza berrien eta hiri-birgaitze eta -berroneratzearen arloan”, nabarmendu du Iñaki Arriola sailburuak bere bisitan.

Akordio honen bidez, Sestaoko Udalak 41.075,79 m² jarri zituen Jaurlaritzaren esku, eta VISESA sozietate publikoak bi eraikin egin ditu eremu horretan, eta beste bi eraikiko ditu aurki. Amaituta daudenen artean, babes publikoko 58 etxebizitzako lehen bloke bat dago, alokairu sozialekoa, Sestaoko Udalak kudeatua, eta bigarren eraikin bat, 105 etxebizitzakoa. Horien erdiak (53) salmentara bideratu dira. Gainerako 52 etxebizitzek osatzen dute 6,4 milioiko inbertsioa izan duen sustapena, eta Alokabidek aste honetatik aurrera entregatuko ditu horien giltzak. Etxebizitza horiek alokairu babesturako dira —bost etxebizitza izan ezik, Sestaoko hirigintza- eta berroneratze-operazioen ondorioz ordezko bizitokia emateko erreserbatuta daude eta—.

Familiak orain sartuko diren berrogeita hamar bat etxebizitzetatik 19k bi logela dituzte —horietako bost mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude—, eta 33k hiru logela. Horiek guztiak alokairuko etxebizitzak dira, Etxebizitza Legeari eta Etxebizitza Sailak alokairuko parke publikoa bultzatzeko ezarritako politikei jarraituz.

Etxebizitzak Sestaon erroldatuta dauden, jabetzako etxebizitzarik ez duten eta 9.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten pertsonentzat dira —gutxieneko diru-sarreren baldintza ez da eskatzen mugikortasun urria edo desgaitasun psikikoa duten, genero-indarkeriaren biktima diren edo etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonentzat—.

Halaber, kupoak ezarri dira kolektibo jakin batzuei etxebizitza-premia berezia izateagatik lehentasuna emateko (gazteak kasu). Kupo handiena, 15 etxebizitzakoa (sustapen honen % 35,71), gutxienez titularretako bat 36 urtetik beherakoa duten bizikidetza-unitateentzat erreserbatu da, % 30,95 (13 etxebizitza) etxebizitza-premia berezia duen pertsonarentzat, % 19 (zortzi etxebizitza) etxebizitzarako eskubide subjektiboa duten pertsonentzat eta sei etxebizitza (sustapenaren % 14,28) kupo orokorrerako.

Eraikin berrien obrak, 2022tik aurrera

2022ko lehen seihilekoan, Visesak bi eraikin berrien obrak lizitatuko ditu. Horiek babes publikoko beste 180 etxebizitza izango dituzte alokairurako. Inbertsioa 25 milioi eurokoa izango da.

Eusko Jaurlaritza 394 etxebizitza ari da kudeatzen gaur egun Sestaon. 256 etxebizitza Bizigune programakoak dira —alokairu publikorako parke pribatutik lagatakoak—, 78 Etxebizitza Sailaren parkekoak, 7 etxebizitza ASAP programakoak eta beste 53 Alokabide parkekoak. Azken horietatik 52 Vega Galindon Visesak sustatutako etxebizitzei dagozkie.