Datorren seihilekoan fakturazioa, eskaerak, enplegua eta I+G mantendu edo hobetu egingo direla uste dute euskal sektoreen %80k

0
PRUEBA

Industria Abagunearen Behatokiak (IAB) bere baitan biltzen ditu Euskadiko klusterretako arduradunak eta Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiaren lantaldea. Behatokian aztertzen dira aurreko seihilekoko emaitzak eta datozen sei hilabeteetarako aurreikuspenak. Gaur egin den bileran aztergai izan dituzte 2020ko urritik joan den martxora arteko datuak eta euskal industriaren 2021eko irailera arteko aurreikuspenak. Eta atera duten argazkia baikorra izan da. Sektoreen % 80k euren egoera mantentzea edo hobetzea espero dute aztertu diren alderdi guztietan: fakturazioa, eskaera-zorroa, enplegua, esportazioak eta I+G+B-ko inbertsioa.

Behatoki honetan parte hartzen duten sektoreek euskal industriaren zati handiena ordezkatzen dute: aeronautika, elikadura, automozioa, bio-osasuna, eraikuntza, energia, burdinbideetako ekipamenduak, galdaketa eta forjaketa, habitata, zura, bulegoak eta contract, itsas industriak, ingurumena, papera, produktu eta instalazio siderurgikoak, fabrikazioko teknologia aurreratuak, EIKTak eta ezagutza, eta garraioak, mugikortasuna eta logistika.

Nahiz eta desberdinak diren batzuen eta besteen bilakaerak eta etorkizuneko aurreikuspenak, badaude orokorrean sektore guztietan errepikatzen diren hainbat alderdi. Batetik, kluster gehienak bat datoz esatean txertaketaren erritmoak ziurgabetasuna sortzen duela merkatuan eta eragin zuzena duela euren aurreikuspenetan. Bestetik, sektore guztietan nabaritzen diren aldaketek argi erakusten dute digitalizazio-maila esanguratsuki hazi dela eta trantsizio energetiko-ekologikoa ere aurrera doala.

Aurreikuspen orokorrak

Neurtu diren parametroek zenbaki positiboak islatzen dituzte. Eskaera-zorroaren sei hilabeteko aurreikuspenak positiboak dira. Klusterren % 80k baino gehiagok espero dute kopuruak mantentzea edo hobetzea. Hauek dira sektore baikorrenak: Bio-osasuna, Energia, Fabrikazioko Teknologia Aurreratuak, Galdaketa eta Forjaketa eta Ingurumena.

Hobekuntza-aurreikuspen horiek bete daitezen, ezinbestekoa da merkatuak berriz irekitzea. Sektore batzuek ez dute uste pandemia aurreko mailetara itzuliko direnik datorren urtea baino lehen, zenbaitek ezta 2024ra arte ere.

Fakturazioari dagokionez, emaitzak desberdinak dira batzuen eta besteen artean. Zazpi klusterretan fakturazioa murriztu egin da azken seihilekoan, baina hirutik batek adierazi du emaitza hobeak lortu dituela. Hori bai, datozen sei hilabeteetarako aurreikuspenak positiboak dira ia sektore guztientzat, eta % 80k baino gehiagok uste dute fakturazioa mantendu edo hobetuko dutela.

Esportazioei dagokienez, aurreikuspenak baikorrak dira. 2020an sektoreen erdiak emaitza negatiboak izan ondoren, % 80k baino gehiagok espero dute esportazioak mantendu edo hobetu egingo dituztela datorren seihilekoan. Esportazioak hazten ari dira, neurri batean, Txina edo Estatu Batuak bezalako merkatuek kudeaketa ona egin dutelako pandemian zehar.

Enpleguak ere antzeko parametroak ditu, beharbada aurreko faktoreek baino hobexeagoak. Kluster gehienek enplegua mantendu edo hobetu dute eta bat datoz datorren seihilekorako aurreikuspenei dagokienez, espero baitute bide beretik jarraitzea edo plantillak handitzea. Bio-osasuna, Energia eta EIKTak dira bilakaera positiboena espero dutenak. Zehazki, badirudi epe ertaineko enplegu aukerak sor daitezkeela Energia eta Ingurumen sektorearekin lotutako logistikaren arloan. Bestalde, pertsona kualifikatuen eskasia eragozpen bat da trantsizio digitalean eta ekologikoan aurrera egiteko.

I+G+B funtsezko elementua da euskal ekonomiarentzat, eta bere bilakaera lagungarri da joera batzuk azaltzeko. Pandemia gorabehera, kluster gehienek (16tik 10ek) mantendu egin dituzte euren inbertsioak azken sei hilabeteetan, eta batzuek handitu ere bai. Datorren seihilekoari begira, aurreikuspenak are positiboagoak dira, 16 sektoretik 15ek espero baitute berrikuntza-jarduera mantentzea edo hobetzea. Zehazki, aipagarriak dira Euskadi Next programarekin, trantsizio digital eta ekologikoarekin eta hidrogenoarekin lotutako hainbat ekimen.

Sektoreka

Datuak sektoreka aztertuz gero, hainbat desberdintasun ageri dira:

Aeronautika: aireko trafikoaren eskaeraren jaitsierak eta egoera suspertzeko mundu mailako aurreikuspen eskasek balaztatu egin dute industria aeronautikoaren ekoizpena eta, mundu osoan bezalaxe, Euskadin ere hauxe da pandemiaren eragina gogorren jasaten ari den sektorea. Hegan klusterraren arabera, egoera suspertzen hasiko da aireko trafikoa normaltasunera itzultzen denean.

Elikadura: pandemian zehar hotel, jatetxe eta kafetegien kanala itxi izanak asko eragin dio Euskadiko Elikaduraren Klusterrak ordezkatzen duen sektore honi. Fakturazioari dagokionez, Euskadiko elikadura kateak % 13,6 egin zuen behera 2019aren aldean. Sektorea aurten itzuliko da bere onera, 8,1 eta 15 puntu bitarteko hazkundearekin. Hori bai, hazi egin da lehiakortasunaren presioa eta baliteke “prezio-gerra” bat hastea.

Automozioa: ACICAE klusterrean etorkizunari buruzko ziurgabetasuna da nagusi, pandemiaren bilakaera erabakigarria izango baita. Hala ere, aurreikuspenak positiboak dira, adibidez Amerikako merkatuak baikor izateko arrazoiak ematen dituelako. Horrekin batera, kontuan hartu behar da sektorean joera dagoela hornitzaileengana hurbiltzeko, eta ondorioz, euskal hornitzaileek aurreikusi gabeko inbertsioak egin beharko dituztela jomuga merkatuetan.

Bio-osasuna: Basque Health Cluster-ek adierazi du bigarren seihilekotik hona hazkunde-zantzuak antzeman dituela eta goranzko joera ere nabaria dela nazioarteko merkatuen irekieragatik. Euskal ekonomiaren barruko nitxo gazte honek hazten jarraituko du, bai enpleguan eta bai I+G-n. Aurten inbertsioak asko hazi dira finantzaketa-erronden bitartez.

Eraikuntza: Eraikune klusterraren arabera, sektoreak orokorrean hazkunde-zantzuak ikusten ditu, fakturaziori dagokionez enpresak fase batean egonkor mantendu ondoren.

Energia: azken seihilekoko bilakaera positiboa izan da. Oso sektore anitza denez, Euskadiko Energia Klusterrak dio azpi-sektore bakoitzak errealitate desberdina bizi duela. Hala, sektore eolikoak ongi eutsi dio pandemiari, eta trantsizio energetikoari esker bultzada global indartsu bat espero du, batik bat, Europan. 2020ko krisiak zertxobait gehiago eragin dio eguzki energiaren sektoreari, baina suspertzeko aukera sendoak ditu.

Trenbideak: 2020rako aurreikuspenak paregabeak ziren, baina pandemiarekin jaitsi egin ziren. Halere, kontratuak ez dira eten. Euskadik lurralde garrantzitsua izaten jarraitzen du, Estatuko sektore osoaren % 40 hartzen baitu Mafex-en ordezkaritzapean.

Galdaketa eta forjaketa: aurreko seihilekoko hazkundea ez zen izan espero bezain handia, baina esportazioek gora egin dute. Enplegua haztea espero da, eta enpresak ekonomia zirkularrean oinarritutako proiektu berriak prestatzen ari dira.

Habitata, zura, bulegoak eta Contract: Habic klusterrak urtearen hasieran antzeman zuen eskaera berriak gutxitu egin direla eta fakturazioak behera egin duela. Baina Europarako eta Estatu Batuetarako esportazioak dinamikoagoak dira orain.

Itsas industriak: Euskadiko ontziolak egoera onean daude, zazpi kontratu berri sinatu baitituzte 2020an, 2023ra arteko lan-karga bermatuz. Itsas Foroak, iazko krisiaren ondorioak argi nabaritu zituenak, ikusten du aurten egoera pixkanaka berroneratzen ari dela, eta astiro baina etengabe suspertzea espero du datozen bi urteetan.

Ingurumena: etorkizun argitsuena duen sektoreetako bat da. Aclima klusterrak joera positiboa nabaritu du azken seihilekoan, eta hazkunde sostengatua aurreikusi du etorkizun hurbilerako. Proiektu ugari daude (Europako “Green Deal” edo inbertsio publikoak, besteak beste) merkatua bultzatzen dutenak.

Papera: sektore honetako enpresentzat lagungarri izan zen oinarrizko sektore bihurtzea itxialdian. Gero, eskaria, fakturazioa eta produkzioa konpentsatu dira, eta espero zenaren azpitik egonkortu dira. Ez da espero 2021ean berreskuratzea iaz galdutako guztia. Nolanahi ere, klusterrak dio enplegua hazi egin dela enpresek eginiko inbertsio handiei esker.

Siderurgia: sektore honetako eskaera-kopurua hazi egin zen 2020ko azken lauhilekoan, parte batera, suspertze-neurriei esker. Aurreikusten da merkatuaren goranzko joerak berdin jarraituko duela datozen hilabeteetan. Halere, esportazioak gutxitu egin dira (% 12 azken hilabeteetan) eta baita ere enplegua.

Fabrikazio aurreratua: iaz halako dinamismo batekin bukatu zen urtea AFM klusterrak Eskuin, Invema eta Addimat-ekin batera lideratzen duen sektore honentzat. Hala ere, fakturazioa % 20 baino gehiago murriztu zen 2020an. Susperraldi motela espero da hurrengo seihilekorako. Makina-erremintak mantendu egin du enplegua eta I+G+B-ren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Espero da sektorea nabarmen suspertzea, abiapuntua nahiko baxua delako. Burdindegi eta hornidura industrialen azpi-sektoreak ere ongi bukatu zuen iazko urtea, eta 2021a ona izatea espero da.

EIKTak: oro har, teknologia eta ezagutza enpresek aurreko urteko mailan mantendu dute fakturazioa pandemian zehar. Gaia klusterrak (Basquegame, Cybasque eta Eiken erakundeekin batera) ordezkatzen duen sektore honek aurreikuspen onak ditu etorkizunerako, Europak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituzten hiru trantsizioak onuragarri baitira beretzat. Enplegua % 1 inguru hazi da, eta I+G, berriz, % 7.

Garraioak, mugikortasuna eta logistika: sektore honek, funtsezkoa izan denak covid-19aren krisian, jasan du mugikortasun-murrizketen eragina, baina suspertzea espero du. BCLMren (Basque Country Logistics & Mobility) arabera, paradigma-aldaketa betean murgilduta dago digitalizazioaren bultzada nabarmenarekin. Aurten Brexitaren bilakaeraren zain dago.