Olatz Garamendi Sailburua oposaketak aldiro ateratzea “ohiko prozedura” bihurtzearen alde azaldu da

0

Eusko Jaurlaritzak “ez du presio gehiagorik” sentitzen bitarteko langileen gaiari bide emateko Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak sektore publikoko grebaren biharamunean. Bere hitzetan, Jaurlaritza proaktiboa izaten ari da egoera honi esparru desberdinetan konponbide errealak proposatzerakoan, maila politikoan, ekimen legislatiboan eta negoziazio kolektiboan.

Legealdi honetarako aurreikusita dagoen 10.000 mila lanpostuko eskaintza publikoaz galdetuta, Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan, Garamendik adierazi du garrantzitsuena dela “ohiko prozedura bihurtzea oposaketak aldiro ateratzea”. Honen ildotik, zehaztu du Jaurlaritza bide hori indartzen ari dela Ertzaintzan, Hezkuntzan, Osasun sailean eta Administrazio Orokorrean hautaketa prozesuak abiaraziz eta beste kasu batzuetan mahai gainean planteatuz. “Eta 10.000 mila nahikoa ez badira, gehiago atera beharko ditugu”. Gaineratu duenez, unean unean aztertu behar da zenbat langile behar diren kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko eta “bide bat topatu behar dugu orain arte hainbeste denbora daramatenei administraziorako sarbidea errazteko”, baina azterketarik gabeko zuzeneko kontsolidazioaren aukera ez dago mahaiaren gainean, izan ere, “ez dago segurtasun juridikorik hori egiteko”.

Lanean urte batzuk daramatzaten langile publikoen egoera egonkortzeko bide bat errazteko lanean diharduela esan du Garamendik, betiere langile horien egoera “kontsolidatzeko”. Jada Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari den Kidegoen eta Eskalen lege proiektuak langileen profilak zehazten eta sailkatzen dituela azpimarratu du Sailburuak, baina, halaber, “kontsolidazio prozesu batzuk ahalbidetuko lituzke, eta deialdia egiten duen administrazioan langileak egindako lana eta eskarmentua ere baloratzea aurreikusten du”. Kidegoen eta Eskalen lege proiektua aurrera aterako bada, beste neurri batzuekin batera, Jaurlaritza lan eskaintzak deitzeko prest egongo dela adierazi du eta, ondorioz, “egungo bitartekotasun handiko egoerara ekarri gaituen korapiloa desblokeatzen hasiko gara”.

Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroarekin lanean ari dela adierazi du Garamendik, luzaroan administrazioan dauden langileei berme juridiko osoarekin sar daitezen aukera emateko. Hori lortzeko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren (EPOE) aldaketa beharrezkoa dela aipatu du eta Eusko Legebiltzarrak Kidegoen eta Eskalen legea onartzea.

Transferentziak Eskualdetzei buruz galdetuta, Garamendik nabarmendu du maiatzaren 10ean Transferentzien Batzorde Mistoa bilduko dela espetxeen eta beste hiru eskumenen eskualdatzea sinatzeko, eta lorpen hori “oso garrantzitsua” dela gaineratu du. Hala ere, oraindik egin gabe dauden transferentziak eskatu ditu eta “etxera ekartzeko” atsedenik gabe lanean ari dela berretsi du. Besteak beste,Gernikako Estatutuak ezartzen duelako eta Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako transferentzien egutegian jasota dagoelako.

Ildo horretan, bere Sailean egiteke dauden gainerako eskualdatzeen dokumentazio guztia prestatzen ari direla azaldu du. “Akordio garrantzitsuak lortu ditugu, baina bide luzea dugu egiteko eta hartu dugun martxarekin jarraitzeko asmoa dugu geratzen diren eskumenak etxera ekarri arte”, adierazi du.

Sailburuaren irudiko, Espainiako Gobernuak martxorako egin behar ziren eskumenen transferentziak atzeratu izana ez da kezka iturri. “Egia da epe batzuk daudela eta, printzipioz, epeak betetzeko daude, baina uste dut une honetan egin behar duguna, epeetatik haratago, eskumen edo gai horiek ekartzea dela”, adierazi du.