Josu Erkorekak “Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorra 2025” aurkeztu du

0

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka eta Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga gaur goizean agertu dira Eusko Legebiltzarraren aurrera Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorra 2025 aurkeztera. Dokumentu estrategikoak Segurtasun Integralerako Euskal Ereduranzko trantsizioa osatzeko 4 erronka, 12 ildo estrategiko, 52 ekimen eta 166 ekintza zehatz jasotzen ditu.

Josu Erkorekak azaldu duenez, ereduaren oinarrian segurtasun publikoak dituen arriskuei eta mehatxuei eraginkortasunik handienaz erantzutea dago. Hori lortzeko, lehenik eta behin, arriskuak eta mehatxuak identifikatzen eta hautematen ditu, eta, ondoren, segurtasunarekin zerikusia duten zerbitzu publiko guztien (Ertzaintza, udaltzaingoak, suhiltzaileak, etab.) eta erakunde pribatuen edo herritarren erakunde laguntzaileen (Babes Zibileko boluntario-elkarteak, Gurutze Gorria, DYA, Mendiko Euskal Federazioa, salbamenduko txakurrak, espeleologia taldeak, osasun-sistema, Osakidetza, segurtasun pribatua, etab.) artean koordinatutako eta lerrokaturiko erantzunik onena planifikatzen du. Helburu nagusia sistemak behar duen aldaketa sakonari ekitea da, eraldaketa digitalak lagunduta eta erakundeen eta herritarren erantzukidetasunean, laguntzan eta prebentzioan oinarrituta, Euskadiko segurtasun publikoak barne hartzen dituen 4 esparruetan:

  • Polizia.
  • Larrialdiak.
  • Bide-segurtasuna.
  • Jokoa eta ikuskizunak.

Lan-plan berri honekin, Euskadik jauzi kualitatibo bat eman du segurtasun publikoaren sistema modernizatzeko bidean, Europako Batzordearen Segurtasunaren Batasunerako 2025 Estrategiarekin, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta Euskadi 2030 Agendarekin sintonian planifikazio-eredu jasangarria izateko helburuarekin. Bestalde, emakumeen eta gizonen tratu eta aukera berdintasuna integratuko duten politikak garatzen ere lagunduko du, otsailaren 18ko 4/2005 Legean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerakoan, ezarritakoari jarraituz.

ARRISKUAK ETA MEHATXUAK HAUTEMATEA

Planak, hasteko, Euskadiko segurtasunari bereziki eragin diezaioketen 17 arrisku eta mehatxu motak hautematen eta zehazten ditu: eragile geologikoek, klimatikoek edo biologikoek eragindako arrisku naturalak; delitu informatikoen kasuan arrisku teknologikoak; delituen kasuan, nahita edo jakinaren gainean egindako ekintzen ondorio diren arrisku antropikoak, beren izaeragatik, nahitako edo arduragabeko giza egite edo ez-egite bat eskatzen dutenak:

  • Epidemiak eta pandemiak. Helburua: osasunaren arloko mehatxuei eta erronkei aurre egiteko prestaketa eta erantzun planak garatzea.
  • Emakumeen aurkako indarkeria. Helburua: Ertzaintzan eta udaltzaingoetan sistema eta mekanismo komunak ezartzea, emakume biktimen arriskuen ebaluazio eta balorazio homogeneoak egiteko eta indarkeria matxistari erantzun hobea emateko.
  • Arrisku naturalak eta muturreko fenomeno meteorologikoak. Helburua: planak, protokoloak eta taktikak lantzea, datuen analisian eta sistematizazioan oinarrituta, uholdeek, luiziek, elurteek, haize gogorrek, suteek, eta abarrek eragindako kalte materialak eta pertsonalak minimizatzeko.
  • Trafiko-istripuak. Helburua: Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2020 Plan Estrategikoa abian jartzea, kultura-aldaketa lortzeko eta Zero Biktima Ikuspena ezartzeko.
  • Helburua: arrisku teknologikoen inguruan gizartea kontzientziatzea eta prestatzea; izan ere, hautematen da kasu gehienetan erabiltzaileak berak ahalbidetzen duela erasoa. Internet sakonean edo Internet ilunean ezkutatzen diren pertsonak anonimotasunetik ateratzea ahalbidetuko duten tresna propioak garatzea.
  • Antolatutako delitu bandak. Helburua: krimen antolatuaren transnazionalitatea eta delinkuentzia larria lantzea, nazioarteko lankidetza eta espezializazioa indartuz, edo inteligentziaren eta ikerketaren arteko harremana hobetzea.
  • Drogen ekoizpena, trafikoa eta kontsumoa. Helburua: legez kanpoko drogekiko tolerantzia soziala txikitzea, legez kanpoko drogen eskuragarritasuna mugatzea eta indarrean dagoen araudia eraginkortasunez bete dadin bultzatzea, zigortzeko prozedura ezarriz eta gai horien ekoizpena eta banaketa jazarriz.
  • Islamismo erradikalari lotutako indarkeriazko ekintzak. Helburua: prebentzio-ekintzak lehenestea eta sustatzea, komunitate islamikoekin etengabe hitz egitea eta arazoak garaiz detektatzeko lan egitea, arazo horiek arriskutsuak izan baino lehen.
  • Biktima ugari eragiten dituzten istripu eta ezbeharrak. Helburua: biktimak erreskatatzeko eta artatzeko baliabideak eta bitartekoak optimizatzea, gertakarien ondorioak arintzea eta herritarrei behar bezalako informazioa ematea.
  • Ekipo eta substantzia arriskutsuen jarduera industrialarekin, garraioarekin eta manipulazioarekin lotutako arriskuak. Helburua: ondorioak minimizatzeko erantzunak planifikatzea eta sistematizatzea.
  • Aisialdiari lotutako indarkeria. Helburua: asteburuetan intzidentzia handiagoa duten indarkeria-moten ehunekoa gutxitzea: indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretak, sexu-askatasunaren aurkako delituak, kirol-ikuskizunei lotutako indarkeria edo adingabe taldeen delitu-jarduera.
  • Bideetako pilaketak. Helburua: hiriarteko bideetan, herrigune handietako sarbideetan eta trafiko dentsitate handiko lekuetan arintasuna hobetzeko jarduketak planifikatu, gidatu eta koordinatzea.
  • Bizikidetza demokratikoaren aurkako mehatxuak. Helburua: eskuin muturreko taldeen jarduera Euskadin nahiko eskasa den arren, mehatxu global horri aurre egiteko prebentzio eta jarduera mekanismoak ezartzea.
  • Azpiegitura kritiko eta sentikorren babesa. Helburua: zibergertakarien ikerketa sustatzea, Euskadiko Zibersegurtasun Zentroarekin lankidetza estuan.
  • Gizakien salerosketa. Helburua: sexu esplotazioa helburu duen gizakien salerosketa prebenitzeko, hautemateko, babesteko eta jazartzeko prestakuntza ematea.
  • Jokoarekiko menpekotasuna. Helburua: jardunbide egokien eskuliburuak lantzea eta sentsibilizazio-kanpainak, ekintza-planak eta araudia abian jartzea, ausazko jokoei dagokienez kontrolik gabeko jokabideak eragozten saiatzeko.
  • Ingurumenaren narriadura. Helburua: ingurune garbia eta osasungarria mantentzen eta airearen, uraren, lurzoruen eta hondakinen kudeaketaren kalitatea hobetzen laguntzeko araudiaren urraketak jazartzea.

EUSKADI, HERRIALDE SEGURUA

Segurtasun Publikoaren Plan Orokorra 2025 dokumentuak Euskadi erreferente moduan kokatzen du Europa mailan, benetako eta hautemandako segurtasunari dagokionez bikaintasun-mailetan kokatuta. Orain helburua da herritarren pertzepzioaren adierazlea 2025ean 7,5etik gorakoa izatea (azken aldiz neurtu zenean, 2019an, 6,93koa izan zen). Bestalde, beste helburu bat da herritarrek Ertzaintzari, udaltzaingoei, 112ko arretari, euskalmeten informazioari edo trafiko-zerbitzuari buruz egindako balorazioa 2025ean 7,5 eta 8,5 artean kokatzea.

Hori lortzeko, dokumentuak ekintza-plan bat eta ebaluazio-sistema propio bat zehazten ditu. Hauek dira 12 ildo estrategikoak:

  • Euskadiko Segurtasun Integralaren Ereduaren esparru estrategiko eta konpetentziala ezartzea
  • Segurtasun integralean aktiboki inplikatuta dauden erakunde eta agentzia guztien arteko koordinazio eta lankidetza mekanismoak finkatzea
  • Euskal sistemaren posizioa indartzea babes zibileko eta polizia-lankidetzako nazioarteko esparru eta agentzietan
  • Prebentzio programa espezifikoak ezartzea, segurtasun-arriskuen aurrean sentiberagoak diren kolektiboekin jarduteko
  • Euskadin azpiegitura sentibera propioak babesteko sistema bat sortzea, lankidetza publiko-pribatuaren bitartez
  • Tresna berriak ezartzea pertsonen babesa efikaziaz eta efizientziaz areagotzeko
  • Gaur egungo ikerketa-sistema delituen errealitate berrietara egokitzea, ahalik eta jarduerarik azkarrena eta biktimentzat hain astuna izango ez den jarduketa bat lortzeko
  • Inteligentziak gidatutako segurtasun-eredu bat garatzea
  • Herritarrekin eta gizarte zibilarekin harreman eta topaketarako dinamika sistematiko eta egituratu bat artikulatzea, baita gardentasunerako eta kontuak emateko ere
  • Mekanismoak eta kanalak ezartzea herritarrekiko aldebiko komunikazio zuzena eta efizientea ahalbidetzeko
  • Pertsona konprometituak, kualifikatuak, partaidetza-zentzua dutenak eta gogobeteak edukitzea
  • Beharrezko lantaldea eta egitura finkatzea