188.102 biztanlerekin amaitu zuen Donostiak 2020a, hau da, iaz baino %0,07 gutxiago (188.243), eta beraz, 188.000 biztanletik gora izaten jarraitzen du. Gogoan izan, 2019an lehen aldiz gainditu zuela biztanle kopuru hori.
2020ko abenduaren 31ko erroldaren datuek adierazten dute biztanle-kopurua bere horretan mantendu dela, baita batez besteko adina ere, hau da, 46 urte.
- Erdialdea eta Gros auzoak dira batez besteko adin altuena duten auzoak (49 urte),
- Aiete, Ibaeta, Loiola eta Miramon-Zorroaga dira batez besteko adin txikiena dutenak (43 urte).
- biztanleen %52,75 emakumezkoa da, eta gehiago bizi dira.
- 65 urtetik gorako biztanleei erreparatzen badiegu, %59,4 emakumeak dira.
- Eta 80 urtetik gorako biztanleen %69 emakumeak dira.
Auzoak
Hiriko auzoen artean ez dago aldaketarik biztanle gehien eta gutxien dituztenen artean. Hortaz,
- Amara Berri da biztanle gehien dituen auzoa, 30.392 biztanlerekin (biztanleen %16,2).
- Jarraian Erdialdea (22.102) eta Altza (20.219) daude.
- Zubieta da biztanle gutxien dituen auzoa, 271 (%0,14).
- Loiola da 2020an gehien hazi den auzoa, %5,1. Eta arrazoia da, Txominenearen garapena. Txomineneako biztanleria %25,4 hazi da urtebetean.
Atzerritarrak
Atzerritar kopurua %1,8 hazi da Donostian 2020an. Guztira, 131 herrialdetatik etorritako 16.009 biztanle daude, hau da, iaz baino 295 gehiago. Hortaz, atzerritarrak hiriko biztanleen %8,5 dira (2019an %8,3 ziren).
Hondurasek jarraitzen du atzerritar kopuru handiena izaten (2.196 biztanle). Jarraian Nikaragua (1.938) eta Moroko (1.124) daude. Hiru herrialde horietako biztanleak dira hiriari atzerritar gehien ematen dizkiotenak. Eta Italiatik, Frantziatik eta Kolonbiatik etorritakoak dira gehien hazi direnak.
Bestalde, espainiarren kopurua 895 gutxitu da (2019an 165.540 izatetik, 2020an 164.645 izatera pasa dira). Hortaz, ondorioztatu daiteke hiriak biztanleen kopurua mantendu duela atzerritarren hazkundeari esker.
Heriotzak eta jaiotzak
2020an 2.182 pertsona hil ziren Donostian, hau da, iaz baino 315 gehiago. Eta hazkunde honek lotura izan lezake COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioekin.
Aldiz, 1.205 pertsona jaio ziren, hau da, iaz baino 14 gutxiago. Beraz jaiotako pertsonak baino 977 pertsona gehiago hil ziren, hau da, azken urteetan baino askoz gehiago (2019an aldea 648koa izan zen).
Jaiotze-tasa eta zahartze-indizea
Jaiotze-tasak behera jarraitzen du, eta 6,42koa da (2019an 6,50koa izan zen). Beraz, datuak erregistratu egiten direnetik izandako tasarik baxuena da.
- Loiolak izan zuen tasarik altuena (9,47),
- eta aldiz Zubietak izan zuen baxuena (0).
Zahartze-indizeari dagokionez, gora jarraitzen du eta 191,8koa da, hau da, iaz baino 5 puntu gehiago. Ondorioz, hirian 65 urtetik gorako 1,91 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko.
- Erdialdea ta eta Gros dira zahartze-indize handiena dutenak, 65 urtetik gorako 2,97 eta 2,90 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko;
- Aiete eta Miramon-Zorroaga dira auzo gazteenak, 65 urtetik gorako 1,1 eta 1,2 pertsonekin 15 urteko pertsona bakoitzeko.
- donostiarren %24,59k 65 urte baino gehiago dute, %7,73 80 urte baino gehiago,
- eta 102 pertsonek 100 urte baino gehiago dituzte. Azken datu honek behera egin du lehendabiziko aldiz azken urteetan.
Familia motak
- Donostian 78.827 familia bizi dira.
- Batez beste, etxebizitza bakoitzean 2,39 pertsona bizi dira,
- pertsona bakarrez osatutako familien kopuruak gora jarraitzen du, eta 2019an 24.398 izatetik, 2020an 24.890 izatera pasa da, eta familia guztien %31,5 dira.
- Pertsona bakarreko familien %47,3k 65 urte baino gehiago dute (11.788),
- eta horietatik %76 emakumeak dira.
- hirian bi pertsonez osatutako 23.979 familia daude, iaz baino %0,5 gehiago, eta familia guztien %30,4 dira.