Euskarazko dibulgazio artikulu onenaren NEIKER saria Betizu behi arrazari buruzko lan batek lortu du

0

Asier Alvite Arreguik irabazi du nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzari buruzko ikerketen NEIKER sari berezia, 2.000 euroko zenbatekoarekin

Gainera, Helene Sanchez Zelaiak aipamen berezia jaso du klima aldaketari eta mahastizaintzari buruzko lan batengatik

NEIKER sari bereziaren bosgarren edizioa da, urtero sustatzen ditu zientzia eta teknologiari lotutako gai eta ikerketen euskarazko zabalkundea aitortzen duten CAF-Elhuyar sarien esparruan

Asier Alvite Arregui albaitariaren “Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear?” izenburuko lanak irabazi du NEIKER sari berezia, CAF-Elhuyar sarien esparruan. Sariak nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzari buruzko gai eta ikerketen euskarazko zabalkundea aitortzen du.

Sariaren epaimahaiak lanaren izaera berritzailea, teknologikoa eta erabilgarria baloratu du. Asier Alvite Arregui Zumaiakoa da, eta Betizu behi arrazaren ezaugarri genealogiko eta genomikoak ikertu ditu. Euskal Herriko bertako arraza da, oso landatarra da, eta galtzeko arriskuan dago. Arraza horrek zeregin garrantzitsua du ingurumena eta biodibertsitatea mantentzeko, mendiak garbitzen baititu suteak saihesteko, eta baserrien ekonomiaren osagarria da.

Sariak 2.000 euroko zenbatekoa dauka eta, Imanol Andonegi artistaren eskultura batekin batera, Tabakalerako instalazioetan egindako ekitaldi batean entregatu da (Donostia).

Aipamen berezia

Helene Sanchez Zelaia bioteknologo durangarrak aurkeztutako lanak jaso du aipamen berezia. «Klima-aldaketa eta mahastigintza» izenburupean, egileak diziplinartekotasunean eta praktikotasunean oinarritutako gaurkotasuneko arazo bati irtenbidea ematen dio artikulu horretan.

CAF-Elhuyar lehiaketaren 2021eko edizioaren lema Ezagutza da txertoa izan da. Sari berezi horren filosofia guztiz bat dator NEIKERen helburuarekin, ezagutza zientifikoa eta irtenbide transferigarriak garatzeko, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko.

NEIKER sari bereziaren epaimahaikideak izan dira Arantza Madariaga Aberasturi, ELIKAko zuzendaria; Pilar Santamaria Martinez HAZIko departamentuburua, eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

NEIKER eta Elhuyar hitzarmena

Saria NEIKERen eta Elhuyar Fundazioaren artean ikerketaren arloan euskara sustatzeko 2016ko uztailean hasi zen hitzarmenaren parte da. Bi erakundeen arteko hitzarmenean sartzen dira nekazaritza sektoreari lotutako hiztegi espezializatu baten garapenean laguntzea, NEIKERek Zientzia Azokan parte hartzea, gazteei sektoreari buruzko ikerketa helarazteko, eta aipatutako NEIKER sari berezia, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektoreari lotutako ikerketen euskarazko dibulgazioa saritzeko.