Urkulluk Zaldibarko zabortegian egiten ari diren larrialdi-lanak gainbegiratu ditu

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera, Eusko Jaurlaritza 2020ko otsailetik egiten ari den larrialdi-lanak gainbegiratu ditu gaur.

Joaquin Beltran bilatzeko lanei dagokienez, aurreikuspenen arabera, maiatzaren erdialdean bilaketan dabilen lan-taldea azken eremu beroa arrastrilatzen hasiko da: 4. lur-erauzketaren 4. fasea, eraispenaren unean, Joaquin Beltranen ibilgailua giltzak jarrita eta motorra martxan zegoen gunea. Zabortegia behera erori zenean, autoa 100 bat metro erori zen arrastaka mendi magalean behera.

Beraz, espektatiba guztiak azken gune honetan daude, non 15 mila metro kubiko hondakin arrastrilatuko diren. Zabortegi osoko eremurik konplexuena da alor geoteknikoari dagokionez, dikearen oinean dagoelako eta askatutako materialaren kota handiena duelako, gutxieneko trinkotasunik gabe. Xede-eremura iristeko zailtasuna da ezin dela zuzenean ebaki askatutako hondakin-masa, eta materiala kendu egin behar dela, distantzia dezentetik gorako eremuetatik abiatuz eta pistak eraikiz, luiziak saihesteko gehieneko maldak mantenduz.

Beste ziurgabetasun bat eremuko baldintza espezifikoena da, batez ere hartutako tenperaturari dagokionez, bai lur-jausia gertatu zen unean, bai gerora lixibiatuak egon zitezkeelako, eta horien neurketak beste eremu batzuetan 70 gradu inguruko erregistroak islatu dituelako.

Gurpil-garbiketaren eremuan egin berri diren lanetan, operatiboko teknikariek harriduraz egiaztatu dute hormigoizko egiturak higatuta zeudela istripuaren unean lortutako marruskaduraren eta tenperatura altuen ondorioz.

Xede-eremura hurbiltzeaz gain, gaur egun DS1 hondakinen biltegia egonkortzeko, trinkotzeko eta osatzeko lanak egiten ari dira, zigilatzen denean zabortegiaren formak, perimetroko kontuetara erortzen diren euri-ur garbiak bidera ditzan, ura kutsatzea eta lixibiatua sortzea saihestuz.

Bilaketa operatiboa

Gaurdaino, 700.000 m3 hondakin baino gehiago mobilizatu dira eta 400.000 m3 baino gehiago arrastrilatu, hain zuzen ere, lehentasunezko bilaketa-eremuei dagozkienak, lur-jauziaren aurreko Joaquín Beltranen kokapenaren arabera.

112ko Larrialdietako Zerbitzuak (SOS Deiak) eta Ertzaintza hustutako bilaketa-materialaren metro kubiko bakoitza ateratzeaz eta zehatz-mehatz aztertzeaz arduratu dira. Oso lan konplexua da, zailtasun handiak dituena eta Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko txakur-unitateen eta Polizia Zientifikoaren Unitatearen laguntza behar ditu.