Pazienteen eskubideak pandemia garaian

0
PRUEBA

Gaur egun, osasun eskubidea gizakiaren oinarrizko eskubidetzat onartuta dago nazioartean, besteak beste, osasun-arazoak edo muga fisiko zein psikologikoak oztopo izan baitaitezke eskubide zibil eta politikoak baliatzeko. Horregatik da hain garrantzitsua eskubide hori babestea, bai eta pertsonek paziente gisa dituzten eskubideak ere. Hori dela eta, apirilaren 18an, Pazienteen Eskubideen Europako Eguna ospatu zen. Egun horretan, Pazienteen Eskubideen Gutuna sortu zen, Erroman, 2002an, eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunetik abiatu zen.

Gaixoei ematen zaien tratua pandemia garaian

Gaixotasunen bat pairatzen duten pertsonen eskubideen babesakgarrantzi berezia hartu du azken urte honetan, covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz. 2021eko martxoan Arartekoak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen txostenean jasotakoaren arabera, iaz Arartekoaren bulegoak jasotako kexen % 10 eta % 15 artean pandemiarekin lotuta zegoen, eta kexa horietako asko, zehazki, adinekoek egoitzetan jasotako tratuarekin. Ildo horretan, txostenaren Osasunari buruzko atalean herritarren eskubideen egoeraren balorazioa egin du erakundeak, eta hurrengoa azpimarratu du:  «Pandemia dela-eta osasun publikoko neurriak hartzeak ez du berekin ekarri behar osasun-zerbitzuek beren ohiko jarduera bertan behera uztea, hau da, pandemiak ez du oztopo izan behar osasun-eskubidea bermatzeko, ez eta etendako patologiak dituzten pazienteen osasun-eskubidea bermatzeko ere».

Pazienteen eskubideak, judiziora

Javier Arechabaleta pazienteen eskubideetan abokatu espezializatua da, eta Pazientearen Defendatzailea Elkartearekin kolaboratzen du, enpresa pribatuen edo erakunde publikoen aurrean beren eskubideak baliatu nahi dituzten pertsonen auziak bideratuz. Abokatu gisa, argi eta garbi gogoratzen ditu bere lehen auziak; auzi haiek, orain espezializatuta dagoen mundura ateak ireki zizkioten: «Lehenengoa 1990ean izan zen, Bilboko ospitale batean kirurgia txiki batean tetanosa inokulatu eta ondorio suntsitzaileekin biziraun zuen paziente batena. Kasu horren ostean, haurtxo bat beste auzi bat eraman nuen, diagnostikatu gabeko heste-tortsio baten ondorioz Barakaldoko ospitale batean hil zena. Auzi hauen bien ondoren, itsu geratu ziren bi andreena izan nuen: hipofisian zuten tumore onbera bat tratatzerakoan, oharkabeab kiasma optikoa erradiatu zieten. Kasu horien atzetik beste asko etorri ziren, eta Javier Arechabaletak azpimarratu duenez, ordurarte ezezaguna zitzaion mundu bat ezagutu zuen: «bere bulegora oso biktimizatuta iristen diren, kalte larriak jasan dituzten edo senide baten heriotza jasan duten eta norengana jo eta zer egin ez dakiten pertsonena”.

Zer iruditzen zaizu Pazienteen Eskubideen Europako Gutuna?

Mugarri garrantzitsuak dira bai Europako Gutuna, bai Estatuko eta autonomia-erkidegoetako ondorengo arauak, horien artean Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duen uztailaren 21eko 147/2015 Dekretua. Horien bidez, hasiera batean medikuntza «paternalista» izatetik (pazientea eskubidez gabetutako erakunde hutsa zen), pazientea eskubidedun subjektutzat hartu da eta prozesu terapeutikoan aktiboki parte hartzen du; ondorioz, pazienteari bere osasunari buruzko guztiaren berri eman behar zaio; ekintza medikoari «baimen informatua» eman behar dio, eta haurrek eta adinekoek eskubide espezifikoak dituzte.

Baina erronka, Eskubideen Adierazpen hori edukiz betetzea eta behar beste inbertsio publiko egitea da. Osasunerako eskubideari buruzko adierazpen batek ezer gutxi balio du, baldin eta gure lehen mailako arretako medikuak hitzordu zerrenda amaigabea badu, eta ondorioz paziente bakoitzarekin bi minutu baino ezin bada egon.

Beharrezkoak al dira pazientearen defentsarako elkarteak?

Pazienteen elkarteek funtsezko eginkizuna izan dute azken urteotan pazienteen eskubideen aurrerabidean. Pazientearen Defendatzailea, adibidez, askotan eraman ditu Diputatuen Kongresura lege-proposamenen zirriborroak , eta izapidetzen ari ziren lege-proiektuetan ere aldaketak sartzea lortu du. Fiskaltza Nagusiarekin, erkidego bakoitzeko fiskaltzekin eta autonomia erkidegoetako osasun agintariekin ere elkarrizketatu da; kontzientziak mugitu eta aztoratzeko lan handia egin du. Elkartearen urteko txostena nahitaezko bihurtu da legelarientzat, osasun alorrekoentzat eta politikarientzat. Bultzada hori gabe, gaur egun eztabaidaezinak iruditzen zaizkigun pazienteentzako eskubide horiek ez lirateke lortuko, hala nola bakoitzaren historia kliniko osora iristeko eskubidea, baimen informatua arautzea edo ospitaleetan Pazientearen eta Erabiltzailearen Arretarako Zerbitzuak (PEAZ) sortzea.

Pazientearen arretarako bulegoak ez dira nahikoak?

Botere publikoek horrelako bulegoak sortu izana pazienteen eskubideez jabetzearen  beste emaitzetako bat da. Zoritxarrez, kasu gehienetan itxura hutsa dira, ez dute benetako ahalmenik eta aurrerago iritsiko ez diren kexak jasotzeko postontzi soilak besterik ez dira. Bitxia da, adibidez, zenbait autonomia-erkidegok kexa-bulegoei Pazientearen Defendatzailea deitzea. Izen hori aldatu egin behar izan zuten dagokion agindu judizialaren ondoren.

Hasieratik eta hamarkadetako lanaren ondoren, Javier Arechabaletak esperientzia handia garatu du kasu horietan, baina jasotzen dituzten kasuak askotarikoak direla azpimarratu du.

Nola jokatzen da Justiziaren aurrean horrelako kasu batean?

Normalean, medikuntza publikoan -Osakidetzan- gertatutako auzigaiek, lehenik eta behin, administrazio-erreklamazioaren bidea jarraitzen dute, eta, baietsiak ez badira, Administrazioarekiko Auzien Epaitegira jotzen dugu – beti ere, aditu batek historia klinikoa aztertu ondoren –. Medikuntza pribatuan, aldiz, Zibil-arloko lehen auzialdiko epaitegietara jotzen dugu, inplikatutako profesionalaren edo haren aseguru-etxearen aurka.

Zigor-arlora jotzea salbuespenezkoa da, eta larritasun bereziko kasuetan bakarrik aukeratzen da.

Aitona gurpildun aulkian eserita

Pandemiak eraginik izan al du erreklamazioetan?

Egiaztatu ahal izan duguna da,  pandemiagatik iragarri ziren kereila-oldeak ez direla gertatu, ez gobernu zentralaren ez gobernu autonomikoen aurrean. Estatuko Fiskaltza Nagusia horren kontra agertu zen eta Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoak ere ez ditu onartu, eta dagokion epaitegi arruntera bideratuko zituela iragarri zuen.

Bestalde, Pazientearen Defendatzailea Elkarteak bere garaian jada ez zituen gomendatu sare sozialetan hainbeste zabaldu ziren erreklamazio kolektiboak, izan ere, pandemiak eragin dituen ustekabekoak saihestezinak direla argudiatuz, ezinbestekotasun alegazioaz baliatuz guztiak batera atzera bota zitezkeela aurreikusten genuelako. GUre ustez, kasu bakoitzak tratu indibidualizatua merezi du, ikuspegi juridikotik eta peritu-ikuspegitik.

  • Arartekoak egindako txostenari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, non erakundean 2020an jasotako kexak aztertzen diren, Arartekoaren webgunean kontsulta dezakezu Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako txostena.
  • Euskal autonomia erkidegoko osasun-sisteman pertsonek dauzkaten eskubide eta betebeharrak Osasun Sailaren web atarian eskuratu ditzakezu.