Ainara Gorostizu: «Emakume guztiok, ama izan ala ez, askatu beharreko korapiloa da, oraindik ere, amatasunarena. Emakume guztiok bizi dugun presioa da»

0
Ainara Gorostitzu Muxika Hik Hasi egitasmo pedagogikoko kazetariari, gertutik tokatu zaio haurren zaintzaz eta gurasotasunaz entzutea eta hausnartzea.Horretaz gain, urteak daramatza feminismoaren alorrean lanean, eta hala, ezinbestekotzat jo du amatasuna eta feminismoa uztartzeko eztabaida- eta gogoeta-dinamikak sustatzea. Maiatzaren 4an hasita, Amatasun bizigarriaren baiatko formazio saioa eskainiko du Emakume Txokoan. Oraindik ere badago formazioan izena emateko aukera.

Amatasun bizigarria izeneko saioak eskaintzen dituzu. Zer dago horren atzean?
Badira zortzi urte Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren barruan Hazi Hezi haziera eta heziketa gaien inguruko aldizkarian lanean nabilela. Aldizkariaren sorreran, batez ere, “parkeetako soziologia” egitea egokitu zitzaidan; hau da, ama asko elkarrizketatu nituen, eta ezagutzen ez nituen emakume askok, grabagailua martxan jartzearekin batera, zer-nolako bakardadea bizi zuten kontatzen zidaten. Kulpa ere berehala ateratzen zen… Bizipen gogorrak jaso nituen amen ahotik. Aitek ez zizkidaten horrelako gauzak kontatzen.
Garbi neukan feminismoa tresna lagungarria izan behar zela amen esperientzia pertsonal eta kolektibo haiek bizigarriago egiteko, baina une hartan mugimendu feministaren barruan ez zegoen gaiarekiko aparteko interesik. Era berean, ikusten nuen aurretik feminismoek amatasunaz idatzitakoek ez zietela gehiegi laguntzen emakumeei.

Gaur egun, zaintzaren gaia-puri purian dago.
Zaintza erdigunean jartzearen eta bizitza bizigarrien inguruko diskurtso eta praktika oso interesgarriak garatuz joan da mugimendu feminista, eta pixkanaka, “zaintza” horren barruan, haurren zaintzaz ere hasi da hitz egiten, pentsatzen eta praktikak aldatzen.

Interesa du amatasun bizigarriaren gaiak?
Badago gisa honetako tailerrak egiteko gogoa hainbat herritan. Zergatiei erreparatuta, esango nuke amatasunean ere ahalduntzeko beharra dagoelako dela –gaur eguneko amatasun esperientzia asko gogorregiak direlako– eta horrez gain, zaintza emakumeen bizkar gelditzeak emozionalki, sozialki, laboralki eta ekonomikoki askotxo suposatzen duelako oraindik ere.

Nolakoak dira saioak? Zer egiten duzue?
Batetik, garrantzitsua iruditzen zait hausnarketa teorikoei leku egitea: teoria feministek zer esan duten amatasunaz (aitortza hori egitea ezinbestekoa iruditzen zait) eta amatasunaren historia ere ezagutzea, izan ere, gure praktikak kokatzeko, garrantzitsua da kapitalismoak izan duen eragina ulertzea. Era berean, hausnarketa pertsonalei eta bizipenei ere lekua egiten diegu. Bukatzeko, interesgarria iruditzen zait interpelazio komunitario eta politikoak planteatzea, zaintza-sareak jostea, zaintza erraztuko duten politika komunitario publikoak pentsatzea, auto-zaintzari leku egitea… Bereziki COVID-19aren garaiotan, entzun egin behar da haurren zaintzaileon ahotsa; asko zaildu du pandemiak gurasotasuna, eta zer esanik ez amatasuna.

Zehatzago esanda, zeintzuk dira amatasunari lotuta landuko dituzuen gaiak?
Teoriak, hainbat autore eta historia (oso gainetik bada ere), amatasunaren tabuak, idealizazioak, exijentziak (hau da, amatasunaren instituzioak gure praktiketan eta bizipenetan zer-nolako eragina duen), eta, era berean, esperientzia pertsonal horiek osasuntsuagoak izateko, zaintzaren gaineko ikuspegia eta jarrera kolektiboki eta komunitarioki aldatu behar dugula ikusiko dugu.

Zeintzuk dira oraindik amatasunaren bueltan dauden uste nagusiak?
Emakume guztiok, ama izan ala ez, askatu beharreko korapiloa da, oraindik ere, amatasunarena. Emakume guztiok bizi dugun presioa da. Amatasuna desio oso baldintzatua da, hau da, egitura, diskurtso-komunikatibo eta merchandising oso bat dago bideratuta neskak (aludun haurrak, esan nahi dut) ume-umetatik, zaintzara bideratzeko, eta geure burua besteen zaintzan irudikatzeko. Eta era berean, biologikoki ama izateko adin-tarte oparoenean gaudenean, diskurtso eta presio ikaragarria bizi dugu emakumeok gure bizitza “aprobetxatzeko” karrera profesionala egiteko, bidaiatzeko, formatzeko, irteteko, “nahi dena” egiteko… Beraz, bateko eta besteko presioen erdian daude emakumeak, eta, askotan, egoera prekarioan lanean. Ama izan behar duzu, baina ez zaizu nabaritu behar seme-alabak dituzunik, eta kirola egin behar duzu, eta, nola ez, polit eta argal egon… Exijentziaz beterik dago emakumeon bizitza, eta zer esanik ez amena. Haurdunalditik jasotzen ditugu mezuak; nola izan “ama on bat”. Denok daukagu buruan ama onaren ideia, eta hori deseraiki behar dugu, hasteko.

Nola?
Esandako dena estrukturala dela ulertzeak lagunduko digu aurre egiten. Feminismoa patriarkatuaren bestelako formen aurrean askapenerako tresna izan diren bezala, amatasunari dagokionean ere feminismoa tresna askatzaile eta bizigarria izan behar da.