Barakaldoko Eskola Mapa berrikusteari ekin diote

0

Gaur goizean bisitatu du Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek  Barakaldo, alkate Amaia del Camporekin batzartu eta datozen urteotan Barakaldoko hezkuntza arloan garatuko diren egitasmoak azaltzeko. Nabarmenenak, hiriko Eskola Mapa berrikusten hastea eta hiriko hezkuntza-azpiegiturak hobetzeko proiektuak, zehazki Trueba institutu berriari eta Alkartu ikastolari dagozkionak.

Batzarrean izan dira Hezkuntzako zinegotzi Nerea Cantero eta Bizkaiko Hezkuntzako Lurralde ordezkari Iñaki Orbe, eta Barakaldoko Eskola Mapa eguneratzeko erakunde-arteko lantaldearen oinarriak finkatu dituzte, hiriak bizi duen bigarren eraldaketa handira hezkuntza zerbitzuak egokitzen laguntzeko. Pandemia lehertu aurretik zeukan alkateak berrikuspena eskatua.

Hainbat elkarteren artean lantzen da Eskola Mapa; oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Udal barakaldarraren artean. Teknika eta prozedura desberdinak baliatzen dira etorkizunean izango diren hezkuntza-beharrak planifikatzeko, eta bitarteko desberdinak ere aplikatu beharko dira behar horiek asetzeko. «Jende askok uste du eskala handiko mapa batean lehendik dauden ikastetxeen kokapenetan sinbolo egokiak jartzean datzala eginbeharrekoa. Baina, hori baino askoz gehiago izan beharko luke eskola-mapak: hezkuntza plangintzak izan beharko lukeenaren ikuspegi prospektibo eta dinamikoa, barne harturik, lokalak, irakasleak eta hezkuntza-politikak ezartzea ahalbideko duen ekipamendua», azaldu du Del Campok.

Beraz, Barakaldoko Eskola Mapa berrikusi beharra dago etorkizunari aurre egingo badio. Oraintxe bertan, Lutxana eta Burtzeña auzoetan garapen prozesuak jarri ditu  Barakaldok abian, hurrenez hurren, 2.000 eta 550 etxebizitza berri egiteko.

Kontuan hartu beharreko beste faktore garrantzitsu bat da jaiotza tasa, pixkanaka jaisten baitoa.  Esate batera, 2020 urtean, 660 nini jaio ziren; aurrekoan, ordea, 702.

31 ikastetxe dauzka Barakaldok, hirian sakabanatuta; guztira, 14.511 eskolaume matrikulatuta. Hezkuntza Arloak egindako azken matrikulazio txostenaren arabera, 2.876 ikasle daude Lehen Hezkuntzan; 5.685, Bigarrenean eta 3.574, berriz, Batxilergoan. «Datu horiek abiapuntutzat hartuta, uste dugu oso garrantzitsua dela eskola-mapa eguneratzea Barakaldoren egungo eta etorkizuneko beharrizanei egokitzeko, auzoek beren beharretara egokituta zerbitzuak izan ditzaten», azpimarratu du alkateak.