Barakaldoko Udal Osoko Bilkurak gazteak emantzipatzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza aho batez onartu du

0

Gaur arratsaldean onartu dute talde politiko guztiek aho batez, udal osoko bilkuran gazteak emantzipatzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza aldatzea, eta horrela, Barakaldoko beste gazte multzo batzuek jaso ahal izango dute alokairuak ordaintzeko dirulaguntzak jasotzeko aukera.

2017ko Aurrekontuei PSE-Eek egindako emendakin baten bidez sortu zirela laguntzak gogoratu du Etxebizitza eta Hirigintza Plangintza eta Kudeaketa Arloko Juan Antonio Pizarrok, gaurkoan osoko bilkurak aldatu duen ordenantzari bide eginez.

«Administrazioaren ekimenak bizirik egon behar dute, eta horrenbestez, xede duten helburua lortzen ez bada, egokitu eta berriz pentsatu behar dira», adierazi du Pizarrok.  Alde horretatik, duela bi urte, Iñaki Arriolak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak sortu zuen Gaztelagun Programa udal laguntzei gainjarri zitzaien, eta ondorioz 160.000ko partida bateko 70.000 euro erabili gabe geratu ziren.

Horrek bultzatu zuen, hain zuzen ere, Juan Antonio Pizarro ordenantzan aldaketa batzuk egitea proposatzera, etxebizitza arloan beharrizana duten eta beste laguntzak iristen ez diren multzoetara iristeko.

Pizarrok adierazi duenez, aldaketaren ondorioz, laguntza eskatzeko gehienezko adin-muga 38 urtetan jarriko da, arazoak bere horretan baitirau «gazte izatearen zorteaz gozatzen den etapa batean». Era berean, diru-sarreren muga handitu egingo da, izan ere, premiek gora egin dute soldaten alderantzizko proportzioan, eta are gehiago bizi dugun pandemia honetan. «Adibidez, azken aldi honetan areagotu egin dira guztion teknologia-beharrak, besteak beste, telelanaren karietara».

Ordenantzari egin zaizkion beste aldaketa batzuk dira: alokairuaren dirulaguntza errentaren % 60ra arte zabaldu ahal izatea laguntzen deialdian, eta eskatzen den erroldatze-aldia sei hilabetera edo, azken 15 urteetan etenekin, 2 urtera luzatzea,  bere garaian udalerritik kanpo bizitzera joan ziren Barakaldoko gazteak itzul daitezen errazteko.