Elkano Fundazioak egitarau anitz baten aldeko apustua egin du 2021ean

0

Elkano 500 Fundazioak 2021. urterako proposatzen duen egitarauak aldarrikatu nahi du Euskadiko herriek itsasoari lotuta duten ondare komuna, harremanak estutu nahi ditu munduko lehenengo birarekin zerikusia izan zuten beste herrialde batzuekin eta ezagutza berria sortzen jarraitu nahi du gizakien historia aldatu zuen bidaiaren inguruan.

Duela 500 urte bidaiako partaideak dagoeneko espezia preziatuen uharteetan zeuden. Ospakizunaren erdiaren ostean, egitarauak olgeta-, akademia- eta dibulgazio-jarduerak konbinatzen dituen programa bat diseinatu du. Xede horrez, Euskal Herrikoez gain, zenbait eragile eta lurralderekin (hala nola Txile edo Andaluzia) elkarlanean jardun du.

Erakundeak gaur 2021erako egitaraua aurkeztu du Donostiako San Telmo museoan emandako prentsaurrekoan honako hauen partaidetzarekin: Haritz Alberdi Fundazioko presidentea eta Getariako alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Fundazioko kidea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Fundazioko kidea eta Ion Irurzun Fundazioko zuzendaria. Bertan izan dira, baita ere,  Lourdes Salsamendi, Urola Kostako Udal Elkarteko presidentea eta Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua, biak Fundazioko patronokideak.

Dibulgazioaren erronka

Aurreikusitako jarduketetatik, “Postalak mundu biran” ekimena azpimarra daiteke, Elkano Fundazioaren eta Txileko Kultur Ondareko Zerbitzu Nazionalaren arteko lankidetzari esker. Horrek Txileko Magallanes eta Antartikoko eskualdeak hartu ditu hamalau ikastetxetako 8tik 12 urtera bitarteko neska-mutilek, itsasoaren ikuspegia eta gaur egun horrekiko lotura hizpidetzat hartuta, Euskadiko ikasleekin 500 postal sortu eta trukatzeko.

Topaketa sortzaile horrek helburu du munduari egindako lehenengo itzuliarekin hain lotuta dagoen kultura-aniztasuna ikusaraztea, duela 500 urte bidaia horri esker lehen aldiz elkartu ziren bi eskualdetan.

“Euskal Herri barneko mundu birak” bizikletaz egiteko ibilbide berriarekin elkartuko ditu lurralde historiko guztietako euskal herriak, kostaldekoak eta barrualdekoak, Lurraren inguruan egindako lehenengo nabigazioari lotuta daudenak, “antzinaldia eta orainaldia elkartzeko itsasoari lotutako historia partekatuaren ildotik”, azaldu du Markel Olano ahaldun nagusiak. Ibilbide pilotua zirkuitu egonkor bihurtzeko bokazioarekin egin zen, eta Ander Izagirre idazle eta kazetariak liburu batean jasoko du Euskadiko itsas ondarearen ikuspuntutik proiektuaren kontakizuna.

Halaber, Olanok sarean lan egitearen ondorioz sortutako zenbait proiektu aipatu ditu, hala nola ‘Mundu biraren ubera’ zikloaren jarraipena, Getaria ‘Elkano battela, xumea baina gurea’ ikuskizunaren estreinaldia eta euskaraz planisferioaren edizioa. Lehenengoarekin, Getarian antolatutako hitzaldiei Euskadiko beste udalerri batzuetan egingo direnak gehituko zaizkie. Haietan gai anitzak jorratuko dira, hala nola kultur aniztasuna, astronomia edo hizkuntzen hedapena. Bigarrenari dagokionez, Iparraldeko Euskal Kultura Institutuaren laguntzaz, adin nagusikoentzako kontakizun- eta musika-ikuskizuna da, Koldo Amestoy ipuin-kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak batera egina. Azkenik, planisferioa Aranzadi Zientzia Elkartearekin egindako elkarlanaren emaitza da. Horiek guztiak osatuko dira pastoral batekin eta gazteentzako eleberriarekin, abiapuntutzat hartuta Elkanoren lehenengo munduko bira. Sormeneko bi proiektu dira, eta dagoeneko urtean zehar garatzeko oinarri sendoa dute. 

Ezagutza berria

Bingen Zupiria sailburuak urte honetako jarduera akademikoak aipatu ditu. Irailaren 6an eta 7an, duela bi urteko mintegi arrakastatsuarekin jarraitzeko, “Un viaje por la Euskal Herria de Juan Sebastián Elkano” udako ikastaroa egingo da, nabigatzaileen garaiko Euskal Herriari eta bidaiaren ondorioz izandako eraldaketa globalari buruz hausnartzeko. Aro Modernoa iritsi aurretik garai honen ekarpena nabarmena izan zen eremu askotan, besteak beste, zuzenbidean, zientzian edo elikagaietan; zalantzarik gabe, mundu berriari bidea ireki zion. Aurten, ikastaroan doan parte hartu ahal izango da, eta edizio honetako egitaraua osatze aldera dagoeneko irekita dago epea ahozko komunikazioak aurkezteko.

Fundazioaren proposamenez, “Juan Sebastián Elkano, el maestre, el hombre” sinposioa Amerikanisten Espainiako Elkarteak Santiago de Compostelan egingo duen Nazioarteko Biltzarraren XIX. edizioan (ekainaren 14tik 16ra) sartuko da; beraz, aurten Fundazioak partaidetza izango duen beste jarduera akademiko bat da.

Era berean, dibulgazioari lotuta, “Másallá del mito y la epopeya: el País Vasco y la expedición Magallanes-Elkano en el contexto de la primera globalización” lanaren argitalpena atal akademikoan sartu da. Liburuak joan den urteko nazioarteko biltzarraren txostenak izango ditu, pandemia zela eta ez egin arren.  Euskal Herriko egileei batu zaizkie Espainiako, Filipinetako, Kanadako, Mexikoko edo Ekuadorreko zenbait unibertsitatetako ikerlariak argitalpenean batera lantzeko “mundu globalizaturako hezkuntza historikoa, historia irakastean generoaren ikuspegia, pedagogia dekolonialak edo euskal diaspora Aro Nagusiaren hasieran”, aipatu du sailburuak.

Azkenik, munduko lehenengo biraren V. mendeurrena dela eta, arlo akademikoan egin diren ekarpenak bildu eta zabaltzeko Bingen Zupiriak iragarri du nazioarteko biltzarra antolatuko dela, nahiz eta 2022. urtean izango den. Zientzia-maila gorenarekin aurrez aurre egin nahi da udazkenean, lehen zirkumnabigazioaren mugarri historiko unibertsalaren testuinguruan Elkanoren irudia hobe ezagutu eta goresteko funtsak ezarriz.

2022an lehorreratze eguneratu

2022. urtean, 500. urteurrenaren efemeridea amaitzean, 100 urte beteko dira lau urtez behin Victoria itsasontzian Getariara Elkanoren eta bizirik atera ziren gainerakoen itzulera oroitzeko ekitaldia sortu zenetik. Haritz Alberdi Getariako alkateak eta Fundazioko presidenteak azaldutakoari jarraikiz, “dagoeneko lanean ari gara ekitaldi horren inguruan dibulgazio-jardueren egitarau osoa antolatzeko, baita lehorreratzearen ekitaldi bera eguneratzeko ere. Gure garaira ekarri nahi dugu, batetik, gure gizartearekin bat datozen aniztasunaren eta errespetuaren balioak islatzeko, eta, bestetik, gertakari haiei buruz ezagutzen dugun informazio berria eransteko”.

Jada Lurraren inguruan lehenengo nabigazioaren 500. urteurrenaren erdia igaro dugun honetan, Elkano Fundazioa lanean ari da prozesuak abian jartzen, beste eragile batzuek erakundeak irekitako bide batzuen ordezkoa har dezaten, 2022ko abenduaren desegingo baita. “Helburua da eragileek modu autonomoan jarraitzea lehenengo munduko birari eta bere testuinguruari lotutako ezagutza sortzen eta zabaltzen, bereziki Euskal Herriari dagokionez”, azaldu du Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak.