Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Barakaldon izan da gaur goizean Amaia del Campo alkatearekin biltzeko. Datozen urteetan Barakaldon hezkuntza arloan garatuko diren proiektuak aztertu dituzte alkateak eta sailburuak. Azpimarragarriena, hiriko eskola-mapa berrikusteko lanari ekingo diotela bi erakundeek.
Bileran, Nerea Cantero Hezkuntza zinegotziak eta Iñaki Orbe Hezkuntzako Bizkaiko Lurralde ordezkariak ere parte hartu dute, eta Barakaldoko eskola-mapa eguneratzeko erakunde arteko lantaldearen xehetasunak taxutu dituzte. Eguneratze hori Barakaldoko udalak eskatua zuen pandemia agertu baino lehen, lagungarri izango baita hezkuntza-plangintza hiria bizitzen ari den bigarren eraldaketa urbanistiko handira egokitzeko.
Eskola-mapa hainbat erakunderen arteko elkarlana da, kasu honetan Eusko Jaurlaritzaren eta Barakaldoko Udalaren artekoa. Bertan, tokiko hezkuntzaren etorkizuneko beharrak planifikatzeko teknika eta prozedura desberdinak batzen dira, bai eta behar horiek asetzeko aplikatu beharko diren bitartekoak ere.
Bileran, Udalak eta Hezkuntza Sailak urtea amaitu baino lehen oinarrizko lehen dokumentu bat osatzeko konpromisoa hartu dute, Barakaldoko eskola-mapa berria definitzeko.
Bildarratz sailburuak nabarmendu du zein garrantzitsua ari den izaten erakundeen arteko lana eta koordinazioa Barakaldoko hezkuntza-plangintzarako berebiziko garrantzia duen tresna hori berrikusteko, batez ere, bertako Udala hirigintza proiektu garrantzitsuak bultzatzen ari den une honetan, proiektu horiek gauzatu ahala udalerrian hezkuntza premia berriak azaleratuko baitira.
«Pertsona askok uste dute, eskola-mapaz ari garenean, mapa handi batean eskolak non dauden irudikatzeaz ari garela, ikur egokiak erabiliz. Eskola-mapak hori baino askoz gehiago izan behar du: hezkuntza plangintzak izan beharko lukeenaren ikuspegi prospektibo eta dinamikoa, barne hartuz egoitzak, irakasleak eta hezkuntza politikak ezartzeko ekipamendua», azaldu du Del Campo alkateak.
Barakaldoko egungo eskola-mapak berrikuspena behar du etorkizunari aurre egiteko, batez ere, hiriak gaur egun martxan dituen hirigintza proiektuengatik; izan ere, Lutxana eta Bertzeña auzoetan milaka etxebizitza berri eraikitzea aurreikusia dauka hiriak. Proiektu horiekin batera, kontuan hartu beharreko beste faktore bat da jaiotza-tasak azken urteetan izan duen beherakada.
Udalarekin lankidetza
Barakaldoko Udala eta Hezkuntza Saila etengabeko elkarlanean ari dira hiriko hezkuntza-premiei eta hezkuntza-berrikuntzei heltzeko. Lankidetza horren emaitza da proiektu hau, eta, beraz, Barakaldoko udalak Hezkuntza Sailaren esku jarri du bere udal-zerbitzuetatik jaso dezakeen informazioa eta laguntza tekniko guztia.
Bileraren amaieran, sailburuak eta alkateak berretsi egin dute bi erakundeek Barakaldoko udalerrian hezkuntzari dagozkion alderdi guztietan lankidetza estuan jarraitzeko konpromisoa dutela.