Emakume eta gizonen berdintasunerako I. Plana onartu du Osakidetzak

0
EITB
PRUEBA

Osakidetzak bere Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana onartu du. Planak, herritarrei zuzendutako jarduketetan berdintasunaren printzipioa eta genero-ikuspegia integratzeaz gainera, Osakidetzaren barne-eremuan berdintasuna sustatzen lagundu nahi du. Dokumentua Berdintasun Batzordean eginiko lanaren emaitza da; batzordea Osakidetzako ordezkaritza batek eta Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuek eratzen dute.

“Planaren bidez, pertsona askoren konpromisoa eta ahalegina eta negoziazioa eta akordioa gauzatzen dira, eta, hala, Osakidetza emakume eta gizonen berdintasunaren eremuan eredu eta figura erreferente izateko helburua betetzen laguntzen da”, esan du Rosa Pérez Esquerdo Osakidetzako zuzendari nagusiak. Planaren onarpena, Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren aldetik, gaur jakinarazi zaio Mahai Sektorialari.

Emakumeen osasunaren mesederako jarduketak Osakidetzaren nortasunaren ezaugarri dira betidanik; jarduketa horiek, aurretik, Sailaren legealdiko berdintasun-planei lotuta egoten ziren eta, orain, Osakidetzaren beraren plan batean jasotzen dira, zeinak Osakidetzaren berdintasun-politikak egituratzen eta laburtzen baititu.  Osakidetzaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Planak 20 ardatzetan egituratzen diren 100 ekintza ditu, eta horiek zerbitzu-erakunde guztiak inplikarazten dituzte. Ekintza horiek Osakidetzan eginiko Berdintasun Diagnostikoan oinarrituta ezartzen dira; diagnostikoak erakundearen berdintasun-egoera islatu eta berdintasuna sustatzeko lehentasunezko jardun-arloak jasotzen ditu.

BERDINTASUN-PLANAREN GAKOAK

Honako hauek dira Osakidetzako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Planak jasotzen dituen helburuetako batzuk:

  • Soldata-arraila murriztea % 5etik gorakoa den kategoria guztietan. Horretarako, analisi sakona egingo da, kausak detektatu ahal izateko.
  • Aginte-postuetan emakumeek presentzia handiagoa izatea. Gaur egun, emakumeen ordezkaritza-indizea zuzendaritza-postuetan gizonen aldean 62/38 da (emakumeak/gizonak), eta emakumeen ordezkaritza-indizea plantillan 80/20 da. Helburua izango litzateke oreka handiagoa lortzea.
  • Genero-ikuspegia sartzea Osakidetzak egiten duen ikerketa-jardueran. Osakidetzako emakume profesionalek jarduera horietan parte hartzea sustatuko da, eta emakumeek eremu horretan egiten dituzten ekoizpen zientifikoa, parte-hartze aktiboa eta lorpenak ezagutzera emango dira. Horretarako, emakumeen osasun-arazoei eta berezko patologiei helduko dieten ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak areagotuko dira, bai eta generoak osasunaren erabakitzaile gisa duen eginkizunean zentratzen diren ikerlanak ere.
  • Lanaren, familiaren eta norberaren bizitzaren kontziliazioa Osakidetzan dauden eta baliatzen diren kontziliazio-tresnen azterlana egingo da, eta horiek sexuaren eta lanbide-kategoriaren arabera bereiziko dira. Azterlan horren emaitzan oinarrituta, hobekuntza-neurriak planteatuko dira, eta horiek Mahai Sektorialaren eremuan negoziatuko dira.
  • Genero-berdintasunaren ikuspegitik Osakidetzako langileen sentsibilizazioan aurrera egitea. 2021ean, plantillaren % 30i prestakuntza ematea aurreikusten da.
  • Osasun-arreta dela eta, emakumeen osasuna haien bizi-ziklo guztietan sustatzeko jarduketak areagotzea. Neurrien artean, emakumeei zehazki zuzendutako osasunaren prebentzio- eta sustapen-programak zabalduko dira.
  • Genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen biktima diren emakumeentzako arreta sendotu eta hobetzea. Hori horrela, pertsonal sanitarioari eta ez-sanitarioari gai horren inguruko prestakuntza ematen jarraituko zaie, informazioa batzeko sistemak hobetuko dira eta Euskadin genero-indarkeriaren arloan arreta emateko dauden baliabideak zabalduko dira.

Gainera, planak beraren kudeaketa antolatua eta eraginkorra egiteko oinarriak ezartzen ditu, eta, horretarako, gobernamendu-organoak eratu dira; organo horiek Osakidetzaren egituran integratuta daude eta Planean ezarritako urteko jarduketen segimendua egingo dute.