“Alaïa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak” erakusketaren aurkezpenean parte hartu du Bingen Zupiriak

0
PRUEBA

Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Cristóbal Balenciaga Museoaren hamargarren urteurrenarekin batera aurkeztu den “Alaïa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak” erakusketaren aurkezpenean parte hartu du. Bi sortzaile horien –Azzedine Alaïa (1935-2017) eta Cristóbal Balenciaga (1895-1972)– ehun lanetik gora egongo dira ikusgai, Parisko Azzedine Alaïa Fundazioaren bildumakoak guztiak ere. Zupiriarekin batera aurkezpenean izan dira Olivier Saillard, erakusketaren komisarioa, Harkaitz Millán, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatua eta Cristóbal Balenciaga Fundazioaren presidentea eta Miren Vives, Cristóbal Balenciaga Museoaren zuzendaria.

Azzedine Alaïa (1935-2018) jostun tunisiarra moda-bildumagile grinatsua izan zen. Bost hamarkada baino gehiagoko lan-ibilbidean, parerik ez zuen bilduma eskerga osatu zuen. Teknika espezifikoz egindako jantziak zituen interesgune, eta modaren historiako izen eta piezarik gutiziatuenak galbidetik eta ahanzturatik erreskatatzea zuen helburu. Horien artean, Cristóbal Balenciaga zuen kutunena, estimatuena.

Olivier Saillard komisario izan duen erakusketa honek lehen aldiz biltzen ditu bi sortzaileen ehun piezatik gora, bien lanen arteko elkarrizketan, eta biek partekatzen dituzten ezaugarri ugari jartzen dira agerian, bai sormen-prozesuari bai diseinuari dagokienez. Halaber, balioan jartzen du bi couturierren denboraz gaindiko ondarea eta modaren historiari egin dioten ekarpena.

Erakusketak sei erakusketa-areto hartuko ditu –museoko 1.000 m2 inguru–, eta apirilaren 30etik azaroaren 1era egongo da ikusgai. Azzedine Alaïa Fundazioak eta Cristóbal Balenciaga Museoak antolatu dute elkarlanean, eta, hain zuzen, bi erakundeek Hubert de Givenchyren oroimenez abiarazi duten proiektua da; izan ere, hura izan zen ideia horren jatorrizko sustatzailea.

Informazio gehiago hemen.