Isats energiei buruzko nazioarteko kongresu eta azoka nagusia Donostiak hartuko du

0

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaur arratsaldean parte hartuko du ICOE 2021 kongresuaren itxierako online bilkuran, non ofizial egingo den itsas energien munduko ekitaldi nagusi horren hurrengo edizioa Euskadiri eskualdatuko zaiola, 2022an Donostiako Kursaalek har dezan.

Gaur arratsaldean emango da ezagutzera egoitza berria, COVID-19aren pandemia dela-eta telematikoki emango den itxierako bilkuran. Egoitzak eskualdatzeko ekitaldi sinbolikoan, Euskadik itsas energien sektoreko ikerketa bultzatzeko dauzkan gaitasunak aurkeztuko dira, teknologia berriekin lotutako sektore ekonomiko berriak garatzeko adibidez, euskal ereduan eta saiakuntza-azpiegituretan arreta berezia jarriz.

Donostia ICOE 2022 kongresuaren egoitza izateko hautatu izanak agerian uzten du Euskadin itsasoan sortutako energiaren inguruan garatzen ari diren ekimenen garrantzia. Zehazki, ekimen publikoak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, erreferentziazko bi proiektu jarri ditu martxan, Mutrikun (Gipuzkoa) eta Armintzan (Bizkaia), eta horregatik, ekitaldia antolatzen duen batzordeak, euskal garapen teknologikoaren ibilbidea eta ahalmena errekonozitu nahi izan du. Horregatik, ekitaldiaren antolaketa berriz ere Euskadira ekartzea erabaki du, 2010. urtean Bilbon egindako edizioaren arrakastaren ondoren.

ICOE, kongresua eta erakusketa

Energiaren Nazioarteko Agentziaren Ocean Energy Systems erakundeak antolatzen du Energia Ozeanikoari buruzko Nazioarteko Konferentzia, ICOE ingelesezko akronimoan, hautagaitza sustatzen duen toki-erakunde batekin elkarlanean. Energia ozeanikoei buruzko nazioarteko konferentziarik garrantzitsuena da, eta itsas energia berriztagarrien industria-garapenean zentratzen da.

Energiaren Kluster Elkarteak antolatuko du ICOE 2022 edizioa, BiMEPen (Biscay Marine Energy Plataform, Mutrikuko instalazio undimotriza eta Armintzako itsas saiakuntzen bankua biltzen dituen plataforma) eta TECNALIAren laguntzarekin. Aliantza horrek Donostiako Udalaren babesa dauka, eta euskal hautagaitza sustatu duten erakundeak ordezkatzen ditu. Hurrengo ediziorako espero da 30 herrialdeko 900 ordezkari baino gehiago bertaratzea.