Gasteizko, Bilboko eta Irungo Ertzaintzako 30 patruilak kamera pertsonalak integratuko dituzte euren uniformeetan

0

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin den kontrol-saioan azaldu ditu Gasteizen, Bilbon eta Irunen patruilatzen duten herritarren segurtasunerako agenteek grabazio-sistema mugikorrak erabiltzeko proiektu pilotuaren xehetasunak.

Zehazki, Jaurlaritzak hasi ditu lehenengo kamerak kontratatzeko izapideak, eta, aurreikusten denez, irailean instalatuko eta probatuko dituzte, urtearen azken lauhilekoan hasi ahal izateko proba pilotua eguneroko jardunean. Hamabi orduko iraupena duten bateriez hornitutako 30 kamera emango zaizkie kalean patruilatzen duten agenteei. Bi kamera ezarriko dira hiru hirietako goizeko, arratsaldeko eta gaueko patruila-txandetako bakoitzean. Horrez gainera, Bilboren kasuan probak bikoitzak izango dira; izan ere, Bilbo Zaharreko dispositibo berezian ere erabiliko dira: 18 kamera Bilborako, 6 Gasteizerako eta 6 Irunerako.

Grabazio-kamera pertsonalez gainera, ekipamendua osatuko dute kamerak agenteen uniformeei lotzeko osagarriek, irudiak automatikoki jaisteko eta bateriak ertzain-etxeetan kargatzeko gailuek, bideo-kudeaketako sistemak eta irudiak zorroztasun eta segurtasun osoz biltegiratu eta tratatu ahal izateko software lizentziek.

Proiektu pilotu honen kostua 106 mila eurokoa da, eta probatu eta ebaluatu ondoren, Jaurlaritzak grabazio-sistemen funtzionalitateak zehaztu, ezarri eta doitu ahal izango ditu, XII. Legealdi honetarako ezarritako helburua betetzeko: Ertzaintzako patruila guztiek izatea integratuta grabazio-kamerak, polizia-jarduketetan ahalik eta gardentasunik handiena bermatzea, delitu-egintzen aurrean frogak hobeto aurkeztea eta agenteen segurtasuna areagotzea.

BERRIKUNTZA ETA DIGITALIZAZIOA

Proiektu hau legealdi honetan Segurtasun Sailaren jarduera gidatuko duen ardatz nagusietako batean kokatzen da: prozesuen digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa, segurtasunaren erronkari erantzuteko tresna aurreratuak eta egokiak izateko. Ardatz horren 2021erako aurrekontua 13,2 milioi eurokoa da.