Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek talde parlamentarioen galderei erantzun diete

0
Fuente: Irekia.
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari eginaeuskal gizarteari arauak zorroztasunez eta elkartasunez betetzeko eskatzeaz aparte Jaurlaritzak egoeraren aurrean egingo duenaren inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak Jaurlaritzak egin duena, egiten ari dena eta egiten jarraituko duena azaldu du. Horrela, intentsitate handiko prebentzio-neurriak aktibatuta daudela esan du, eta Jaurlaritzak eginkizun gehiago aktibatzeko aukera duela eta prest dagoela gaineratu du.

Bestalde, Urkullu lehendakariak baieztatu du alarma egoera eskatu dutela, mugatze neurrien babes juridikoa bermatzeko, eta ahalegin guztiak egingo dituela adierazi du, azken unera arte, Estatu osoan alarma egoera izan dezagun, “besterik ezean, eta epe adierazgarri batean”.

Amaitzeko, Lehendakariak, beste behin ere, gizarteari arauak zorroztasunez eta elkartasunez betetzeko eskaera berretsi dio. “Norberarengatik hasita, denon ahalegina ezinbestekoa da pandemiari aurre egiteko. Ziurtasuna eta konpromisoa, dena da beharrezkoa pandemia atzean uzteko”, adierazi du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko egoera sanitarioari buruz.

Lehendakariak aitortu du osasun-egoerak larria eta kezkagarria izaten jarraitzen duela, baina ziurtatu du prest daudela eta badituztela baliabideak maratoiaren azken zatiari emaitza onekin aurre egiteko.

Egoera epidemiologikoari erreferentzia eginez, Iñigo Urkulluk esan du badirela positiboak izateko arrazoiak, azken asteetako goranzko joera gelditu egin baita. Hala, Batzorde Teknikoko zientzia- eta osasun-agintarien arabera, egonkortze hori beheranzko fase baten aurreko momentua dela uste dute.

Gainera, txertaketarekin aurrera jarraitzen dela eta datozen asteetan are gehiago aurreratuko dela azpimarratu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, alarma-egoeraren amaiera dela-eta sortu diren kontraesanei buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritza bat eginda dagoela pandemiak eragindako egoera larriari aurre egiteko, eta, desadostasunik balego, ziurtatu du nahikoa heldutasun dutela desadostasun hori modu eraikitzailean bideratzeko. «Kontraesanak ikusten dituzun lekuan, nik Jaurlaritza Bakar Baten Bultzada Bera ikusten dut. Funtsezko gaietan ados gaude eta gure helburua herriarentzat ahalik eta emaitzarik onena lortzea da», adierazi du.

Alarma-egoeraren amaieraren inguruan, Lehendakariak, agintari gisa, alarma-egoera luzatzeko edo erabakiei segurtasuna emango dien aukera bat eskaintzeko eskatu du berriro. Halaber, Urkulluk esan du pandemiaren aurkako Legeak ez dituela konponduko pandemia honek planteatzen duen salbuespenezko egoera baten arazo juridiko guztiak, baina lagungarria izango dela jarduteko gaitasunek segurtasun juridiko handiagoa izan dezaten. «Helburu horretan aurrera jarraitzen dugu, eta zure laguntza izatea gustatuko litzaidake, eta ez oztopoa», gaineratu du.

Interpelazioa, Iñigo Iturrate Ibarra Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, COVID-19aren inguruko estrategiari eta jarraitu beharreko urratsei buruz.

Urkullu lehendakariak adierazi duenez, pandemiaren bilakaerak aurreko faseen antzeko bidea jarraitzen badu, litekeena da datuetan jaitsiera bat izatea; hori funtsezkoa da, lehenik eta behin, txertaketa-prozesuan ahal den guztian aurrera egiteko, eta, bigarrenik, intzidentzia murrizteak ospitale-sistemaren gaineko presioan distentsioa eragin dezan. «Funtsezkoa da talde gisa lan egitea. Orain, inoiz baino gehiago, guztiok jarri behar dugu arreta bi helburu horiek lortzen laguntzeko. Neurri guztiak bete behar ditugu, elkartasunez lagundu eta kutsatzeak saihestu «, adierazi du.

«Ahalik eta lasterren 100.000 biztanleko 200 kasutara itzultzeko helburuari eusten diogu. Helburu hori lortzeko, beharrezkoa da, maiatzaren 9aren ostean, esparru juridiko argi bat izatea, neurri eraginkorrak aplikatzen jarraitzeko «, gaineratu du.

Lehendakariak bigarren hiruhileko honetan txertaketak eragozpen gutxiago izango dituen itxaropena agertu du. Hala, hornidurari eutsiz gero, uda aurretik 50 urtetik gorako biztanleek txertoa jarrita izatea lor daitekeela esan du, eta horrek ZIUen egungo okupazioa nabarmen murriztu lezakeela gaineratu du.

«Neurriak zorroztasunez betetzen baditugu eta txertaketan aurrera egiten badugu, osasun sistema arinduko dugu eta murrizketa gutxiagoko bizitza berreskuratuko dugu», adierazi du.

Halaber, Lehendakariak alderdi positiboak aipatu nahi izan ditu, zehazki, pandemiaren aurkako erresilientziaren hiru adibide: Euskal osasun-sistemaren erantzuteko gaitasuna, enpresen eta industriaren erresilientzia, eta hezkuntza-komunitateak aurrez aurreko hezkuntzari eusteko egindako ahalegina.