Asteburuan Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Muskizen eta Bilbon; bat, desobedientzia-delituagatik eta beste bi agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik. Bestalde, 105 pertsonari jarri dizkie isunak Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik.
Larunbat gaueko bederatziak aldera, Getxoko Udaltzaingora telefonoz deitu zuten bertako San Nikolas plazaren inguruan ustez borrokan ari zirela esanez. Berehala hurbildu ziren bertara hainbat patruila, eta kalean jende ugari ikusi zutenez, Ertzaintzaren laguntza eskatu zuten.
Ertzaintzako baliabideek polizia-lerro bat ezarri zuten, eta hiru pertsona proposatu zituzten isunak jartzeko, bi Udaltzaingoak eta beste bat Ertzaintzak, agenteei errespetua galtzeagatik eta irainengatik. Bertan zeuden pertsonek objektuak bota zizkieten bi polizia-kidegoetako kideei, eta udaltzain bat eta ertzain bat zaurituta eraman zituzten osasun-zentro batera.
Larunbat gaueko hamar eta erdiak aldera, Ertzaintzako hainbat baliabidek Muskizeko taberna batean alkoholdun edariak kontsumitzen, ezarritako ordutegia eta osasun-neurriak urratzen eta gehienez elkar zitekeen pertsona-kopurua gainditzen ari ziren eta maskararik gabe zeuden sei gazte identifikatu zituzten. Patruiletako kideek 25 isun-proposamen bete zizkieten bertan zeuden pertsonei, eta horietako bat atxilotu zuten agintaritzaren agenteen aurkako desobedientzia larria leporatuta.
Larunbat gaueko hamabiak baino lehentxeago, Astigarragako Kale Nagusian botiloia egiten ari ziren hamabi pertsonari isunak jarri zizkieten.
Goizaldeko ordu bata aldera, ertzainek Basauriko lonja batean urtebetetze bat ospatzen ari ziren bederatzi pertsona identifikatu dituzte eta 19 isun-proposamen egin dizkiete ordutegia ez betetzeagatik eta lau pertsona baino gehiago elkartzeagatik, eta horietako bati baita une hauetan eremu gorrian dagoen bere herritik kanpora egoteagatik ere.
Ordu horretan bertan herritarren laguntzari esker Ertzaintzak jakin du hainbat gazte festan ari zirela Bilboko hotel bateko gela batean, eta bertara hurbildu dira, beraz. Adierazitako lekura iritsi direnean, zortzi gazte identifikatu eta 24 isunetarako proposatu dituzte, eta, gainera, horietako bi atxilotu dituzte agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik.
Azkenik, goizaldeko ordu biak aldera, ertzainek Bilboko hostal bateko gela batean festan ari ziren hamaika gazte identifikatu dituzte, eta 24 isun-proposamen egin dizkiete ordutegia ez betetzeagatik eta lau pertsona baino gehiago elkartzeagatik, eta, gainera, horietako biri baita euren herritik kanpora egotegatik ere.