Eskola jazarpenaren bilakaera Euskadin

0

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak 2019-2020 ikasturtean eskola-jazarpen kasuek Euskadin izan duten bilakaera aurkeztu du gaur goizez Gasteizen, Hezkuntza Ikuskaritzak bildutako datuak ezagutaraziz. Zeregin horretan, Maite Ruiz Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusia izan du lagun sailburuordeak.

Aztertutako kasuetan igoera

Joan zen 2019-2020 ikasturtean, eskola-jazarpen gisa identifikatutako 100 kasu egon dira Euskadiko ikastetxeetan; hau da, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 795 kasuen % 12,58. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruan igoera apala izan dela ikus daiteke (755etik 795era egin du), baina ez da igo, hein berean, jazarpen gisa baieztatutako kasuen kopurua: 96 kasutik 100 izatera igaro baitira. Beraz, ehunekotan, azken bi ikasturteetan jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopurua egonkortu egin dela ikus daiteke, beherakada oso apalarekin: 2018-2019 ikasturteko % 12,72tik 2019-2020 ikasturteko % 12,58ra.

Horrela bada, nabarmentzekoa da azken hamarkada pasatxo honetan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamar aldiz biderkatu dela (2008-2009 ikasturtean 75 kasu izatetik, joan den ikasturtean 795 izatera); hala ere, ez da gauza bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruan: 39 kasutatik 100era, hamabi ikasturteko epe berean.

Sentsibilizazioa

Datu hauen atzean aurki daitekeen azalpen nagusia, hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har, bullying-arekiko dagoen gero eta sentsibilitate maila handiagoa aurkitzen da, jazarpen kasuen gorakada bat baino gehiago. Ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak arreta handiagoa jarri dute gai honetan, eta, horren ondorioz, zalantzarik txikienaren aurrean, balizko kasu oro aztertu egiten da. Halaber, datu hauek azaltzen dituzten arrazoien artean nabarmentzekoa da Ikuskaritzak azken urteetan gai honen aurrean hartu duen jarrera aktiboagoa ere.

Jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 100 kasu horietatik 63 etapa honi dagozkio. Antzeman diren kasuen izaera edo tipologia aztertuz berriz, gehien gertatzen diren eraso motak honako hauek izan dira: hitzezko erasoak, bazterketa edo marjinazio soziala, edo eraso fisikoa.

Azpimarratzekoa da, bestalde, identifikatutako kasu horien %25ean jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Ziberbullying kasuak esaten zaie hauei.

Bizikasi ekimena

Azken ikasturteko eskola-jazarpen kasuei buruzko datuekin batera, sailburuordeak Bizikasi ekimena ere hizpide izan du, duela lau urte Hezkuntza Sailak abian jarri zuen eskola-jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Bullying-ari aurrea hartzea eta mozorroa kentzea du helburu ekimen honek, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz.

Horretarako, lau urteko ibilbide honetan, hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia egin dela gogorarazi du sailburuordeak. Lehenik, BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da.

Bizikasi ekimenaren baitan, elementurik berriena, Hezkuntza Sailak osatu duen bizikidetza positiborako curriculuma izan da, ikasleak ahalduntzeko xedez. Hau da, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte, ikasleek jazarpena lantzeko eta jorratzeko material espezifikoa dute, ikasle bakoitzak, bere heldutasun mailaren arabera, bizikidetzaren garrantzia landu dezan.

www.bizikasi.euskadi.eus

Jazarpenari aurrea hartzeko eta bizikidetza positiboa lantzeko sortu den material hori guztia Bizikasi ekimenaren webgunean dago eskura. Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dagoen www.bizikasi.euskadi.eus webguneak, eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materialak nahiz tresnak eskaintzen ditu. Webgune bizia da, etengabe elikatzen dena, eta jazarpenaren aurkako lana ahalik eta ondoen egiteko erraztasunak eskaintzea du helburu.