2021 programan aukeratutako proiektuak eman dituzte ezagutzera Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalerak, Azkuna Zentroak eta Artiumek Komisario Berriak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao-k eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak gaur eman dituzte ezagutzera Komisario Berriak 2021 programan aukeratutako proiektuak. Komisariotzaren praktika garatzea eta profesional berriak sortzen eta finkatzen laguntzea da ekimenaren helburua.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 30.000 euro bideratzen ditu deialdi honetara hau da, proiektu bakoitzera, gehienez, 10.000 euro. Aurten, 2020an bezala, hiru bekaz osatutako deialdia bat aurkeztu zen, hau da, zentro laguntzaile bakoitzeko beka bat. Zentro bakoitzak bertako jarduerari lotutako lan-ildo berezi bat proposatuko zuen eta gaur eman dituzte jakitera proiektu irabazleak zeintzuk diren:

  • Artium Museoa: Natalia Isla eta Aitor Bengoetxearen “Ahotsari eman / Pulsar la voz
  • Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao: Javier Arbizuren “Talud mediodía
  • Tabakalera: Adonay Bermúdez-en «El desempleo tecnológico«.

Artium Museoa

Natalia Isla eta Aitor Bengoetxearen “Ahotsari eman/Pulsar la voz” proiektua izan da Artium Museoak aukeratutakoa. Proiektu hau Euskal Herriko azken hamarkadetako soinudun artearen praktiketara hurbiltzen da, ekoizpen horren izaera errizomatikoa eta hibridoa kontuan hartuta. Testuinguruan aurretik garatutako proiektu eta ikerketetan oinarrituta, Ahotsari eman soinuaren ekoizpenean zentratzen da, bai ahozko eta herri-tradizioen esparrutik, bai “soinu-paisaia”, “noise” edo “zarataren” kontzeptuetatik. Era berean, 1972ko Iruñeko topaketak erreferentziatzat dituzten musika esperimentalaren praktiketara ere hurbiltzen da proposamena. Gainera, “Ahotsari eman/Pulsar la voz” programaren helburua da belaunaldien arteko lotura sortzea egungo artista, sortzaile eta soinudun artearekin esperimentatu dutenen artean. Proiektuak soinuaren “praktika bizien” izaera azpimarratzen du, eta komisariotza-lanerako esparru bat ezartzen du, non ikerketa, azalpen formatua, ekintza eta erregistroa, eta dokumentazioa elkartzen diren.

Azkuna Zentroa

Azkuna Zentroak Javier Arbizuren “Talud mediodía” » proiektua hautatu du, Juan Pacomino eta David Bestue artisten lanak bateratzen dituena. Proiektu horretan, bi artistak urte honetan paraleloki egiten ari diren ikerketen garapenaren zati bat jasoko da. Aldiberekotasunarekin, konbergentziarekin eta argiarekin zerikusia duten bi artistaren bi praktika. Arbizuk proposatzen duen komisariotza-lana Bilbon leku ikoniko bat desegitetik abiatzen da, Artxandako jolas-parkea, eta bertatik «ezponda» eta «eguerdia» irudiak berreskuratzen ditu, eskulturatik eta formakuntzatik jarraitutasunaren eta aldiberekotasunaren ideiak lantzeko. Hau da, leku bat (ezponda, lurrei elkarri eusteko ematen zaien inklinazioa) eta une bat (eguerdia, eguzkia zeruan garaiera handienean dagoenean, zerumugaren lerroarekiko bere igoera eta jaitsiera markatuz eta eguna bitan banatuz) izango dira abiaburuko irudiak, Pacomino eta Bestué-ren proposamenak Azkuna Zentoaren testuingurura egokitzeko modua esploratzeko deriba bat hasteko.

Tabakalera

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Adonay Bermúdez-en «El desempleo tecnológico» proiektua aukeratu du aurtengo Komisario Berriak programan parte hartzeko. John Maynard Keynes ekonomialariak 1930ean «langabezia teknologikoa» kontzeptua sortu zuen, honek, gure lan-erritmoak ekonomizatzeko aurkitzen ditugun baliabide teknologiko berriak biltzen ditu nolabait. Adonay Bermudezek komisariatzen duen El desempleo tecnológico online erakusketak, sorkuntza- edo eraldaketa-prozesuen ondare oso bat eskaintzen du, non artistak, piezen artegile diren arren, jarrera pasiborantz lerratzen diren, edo, hobeto esanda, itxuraz ohi baino estatikoagoa den jarrera baterantz. Horietan guztietan mendebaldeko lanaren teknologiak eta nozioak esku hartzen dute, eta bat egitean egilekidetasuna, kolektibitatea eta artearen demokratizazioa kontzeptuak plazaratzen dituzte.

Komisario Berriak

Proiektu honen jatorria Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzan dago. Komisario Berriak programa Artiumekin eta Montehermoso Kulturunearekin (Vitoria-Gasteiz), Azkuna Zentroarekin (Bilbo) eta Tabakalerarekin (Donostia-San Sebastian) lankidetzan sustatu zen, komisariotzari lotutako lanbide-karrerari ekin nahi zioten gazte interesdunei laguntzeko. Kultur Hiriburutza amaitzean, sustatu zuten erakundeek testuinguru horretan sustatutako proiektu batzuekin jarraitzea erabaki zuten, eta Komisario Berriak legatu horren barruan hautatutako bat izan zen.

Komisario Berriak komisariotzaren esparruan interesa eta profesionaltasun-bokazioa duten pertsonei zuzenduta dago: historialariak, artistak, komisarioak eta nazioarteko ikertzaileak edo ikerketa-arloko bestelako profesionalak.