Urkulluk Eroskiren produktu freskoak banatzeko plataforma berria inauguratu du

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak lagunduta, Eroskiren produktu freskoak banatzeko plataforma berria bisitatu du gaur goizean. Bisitaren ostean, Lehendakariak nabarmendu du produktu freskoei tratamendu hobea emateko aukera ematen duen plataforma berri honek inbertsioa eta enplegua, ingurumena eta jasangarritasuna, teknologia eta digitalizazioa uztartzearen aldeko apustua erakusten duela, «betiere kontsumitzailearentzako zerbitzua hobetzera bideratuta».

Arabako hiriburuan kokatutako produktu freskoak banatzeko plataforma berria Jundizko industrialdean dagoen 27.400 metro karratu baino gehiagoko lursail batean dago, hozkailuz hornitutako 17.600 metro karratu ditu eta ibilgailu astunentzako hogeita hamar atrakaleku ditu, egunero 400 tona produktu fresko baino gehiago kudeatu ahal izateko.

Lehendakariak, bere hitzaldian, azpimarratu du pandemia garai hauetan Eroskik ausardia erakutsi duela eta inbertsioaren eta enpleguaren aldeko apustua egin duela. 20 milioi euroko inbertsioa da, eta 150 lanpostu finkatuko ditu. Halaber, azpimarratu nahi izan du Eroskik tokiko ekoizleei egindako erosketak % 8 igo direla Euskadin eta pandemia garaian euren ondoan egon dela, besteak beste, soberakinak erosiz.

Lehendakariak nabarmendu du Eroskik etapa berri bati ekin diola, berezkoak dituzuen ezaugarriak mantenduz: sustraitzea eta bertako ingurunearen eta produktuaren aldeko apustua indartuz; berrikuntza kontsumitzailearen zerbitzura jarriz; eta jasangarritasunarekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa sustraituz. Lehendakariaren arabera, inbertsio berri hau aurrerapauso digitala eta berdea da; “hau da gure bidea, Europaren eraldaketa bikoitz horretan aitzindari izan nahi dugulako Euskaditik”. Gainera, azpimarratu du arrakastaz ari direla aurre egiten pairatzen ari garen koronabirusaren krisiak bultzatutako online salmenta handiagoetarako trantsizio-prozesuari.

Azken urteotan zor handiena amortizatu duen Estatuko enpresa da Eroski. «Zorra normalizatuta dago. Duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen finantzak berregituratzeko garaia amaitu da», azpimarratu du Lehendakariak. Joan den urtea positiboa izan zen Eroskirentzat: salmenten hazkundea, enpleguaren sorrera, tokiko hornitzaileei egindako erosketen hazkundea, zerbitzu digital gehiago eta denda propio berriak.

Eroskiren sare logistikoa

Jundizko produktu freskoak banatzeko plataforma berria Eroskik bere freskoen plataformak modernizatzeko duen proiektu global baten parte da. Lan-baldintzak eta plataformen eraginkortasuna hobetzeko asmoz, Eroskik Elorrioko, Sigüeiroko (a Coruña) eta Abrerako (Bartzelona) instalazioak automatizatu ditu, baita Madril, Zaragoza eta Mallorcako plataformetan fruta eta barazkien eskaerak prestatzeko prozesuak ere.

Eroskik 23 plataforma propioz osatutako sare logistikoa du, taldeko 1.300 establezimendu baino gehiagori estaldura eta zerbitzua emateko. 360.000 metro karratu baino gehiagoko biltegi-azalera du, eta horietatik milioi bat kutxa banatzen ditu egunero.

Instalazio jasangarriak

Produktu galkorretarako logistika modernizatzeaz gain, ingurumena gehiago errespetatzen duten instalazioak, hotz-kamerak eguneratzea hauen eraginkortasuna hobetuz eta plataforman lan egiten duen giza taldearen lan-erosotasuna eta -segurtasuna areagotzea gehitu dira. Jundizko instalazio berriak diseinatu dira LEED Gold nazioarteko ingurumen-ziurtagiri entzutetsuaren arau eta betekizunei jarraikiz. Ziurtagiri hori betetzeak eraikina jasangarritasun-estandar zorrotzen pean eraikita dagoela bermatzen du.