1.788 boto bilduz burutu da Barakaldoko Partaidetzazko Aurrekontuak bozkatzeko lehen astea

0
PRUEBA

Burutu berri du Barakaldok Partaidetzazko Aurrekontuetarako bozketaren lehen astea; dagoeneko 1.700 bozka jaso ditu kanpainak (joan den igandean). Bozka gehienak online bildu dira egoitza elektronikoaren bidez (https://cutt.ly/3bvV1yp  estekan); guztizkoaren % 61; aurrez aurre, berriz, % 39. Datorren maiatzaren 9ra arte eman ahal izango da bozka.

Partaidetzazko Aurrekontuen beste egitasmo bat jarri zuen martxan Udalak, barakaldarrek biurteko ekimen honetarako 2,2 milioiak (1,1 milioi urteko)  zein proiektutan inbertitu nahi zituzten erabakitzeko. Koronabirusaren etorrerak pandemiaren egoerara egokitzera behartu zuen Udala. Horregatik eskatu zien herritarrei osasun-krisiaren ondorioek gehien kaltetutako familia eta sektoreei laguntzera bideratutako proposamenak egiteko.

550etik gora proposamen jaso zituen Udalak, eta joan den astelehenean, hilak 26, zabaldu zuen 6 gai-arlotan (Gizartea, Enplegua eta Ekonomiaren suspertzea, Mugikortasun Jasangarria, Adinekoak, Gazteria, Kultura eta Hezkuntza) banatutako 30 egitasmoen artean bozkatzeko epea: «Gai-arlo bakoitzeko egitasmo bakarra aukeratu behar dute barakaldarrek bozka-orria baliozkoa izan dadin», nabarmendu du Gorka Zubiaurre Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arloko zinegotziak. «Gehien lagunduko duten egitasmo herritarrak aukeratzeko parte-hartzen jarraitzera animatu nahi ditugu herritarrak. Adinekoak, gazteak, merkatariak, ostalariak…. Zuk aukeratzen ez baduzu, beste norbaitek aukeratuko du zure izenean», azpimarratu du.