Zarauzko Udalak Merkatu Plazan takilak ipini ditu

0

Zarauzko Udalak, Merkatu Plazako ekoizleekin elkarlanean, takila sistema berria jarri du martxan aste honetan bertan. Leire Aranak (EAJ-PNV) Landa Garapenerako zinegotzi arduradunak azaldu duenez, sistema honen helburua Merkatu Plazako ekoizleen eta bezeroen arteko salmenta harremanak erraztea da: “Takila edo kontsigna sistema hau martxan jartzea landua genuen jada merkatuko ekoizleekin eta, gure asmoa, Merkatu Plaza biziberritzeko proiektuaren baitan ezartzea zen. Baina, pandemiaren ondorioz, proiektu honen exekuzioa urtebete atzeratu da eta ekoizle eta bezeroen artean salmenta bide berriak zabaldu direnez, orain martxan jartzea beharrezkoa ikusi dugu”.

Aranak zehaztu duenez, takila sistema honi esker “Merkatu Plazako ekoizleen bezeroei merkatuan erositako produktuak salmenta ordutegitik kanpo jasotzeko aukera zabaltzen diegu, egunean bertan”.

Funtzionamendua erraza da: ekoizleak izango dira bezeroei takila hauek erabiltzeko aukera eskainiko dietenak. Ekoizleek euren bezeroekin produktuen salmenta telefonoz edo whatsapp bidez burutuko dute eta ekoizleek takila zenbakia eta takila zabaltzeko kodea emango diete bezeroei. Hauek, egunean bertan, erositako produktua jasotzeko aukera izango dute, ondoen datorkien unean.

Landa Garapenerako zinegotziak azaldu duenez “momentuz, 8 takila jarri ditugu baina, ekoizleek arrakasta dutela ikusi eta gehiago behar dituztela adierazten badigute, uda garaiari begira beste hainbeste erosiko genituzke. Gainera, sistemaren funtzionamendua baloratzeko aukera paregabea da, ondoren, Merkatu Plaza biziberritzeko proiektuaren baitan sistema hau modu moderno eta egokiago batean nola ezarri aztertzeko”.