Ertzaintzak 2.000 marihuana-landaretik gora zituen plantazio bat desegin du Tolosan

0

Ertzaintza 2020aren amaieran Tolosatik kanpora dagoen industrialde bateko industria-nabe bat ikertzen hasi zen, eta aurtengo otsailean ikerketarekin jarraitu zuen. Pabiloia alokatuta zegoen eta bertan ez zegoen lan-jarduerarik, nahiz eta tarteka hainbat pertsona inguratzen ziren bertara. Gainera, ikertzaileak konturatu ziren nabeak argindar asko kontsumitzen zuela, eta argindarrarekin iruzur egiten ari zitezkeela pentsatu zuten, beraz.

Barruan legez kanpoko marihuana-plantazio bat egon zitekeela susmatuta, Ertzaintzak zaintza eta kontrol dispositibo bat ezarri zuen industria-nabearen eta instalazioa alokatuta zuen gizonaren inguruan. Ikertzen ari ziren agenteek egiaztatu zuten pabiloian ez zegoela pertsona eta ibilgailu mugimendu handirik, une jakin batzuetan izan ezik, eta susmatu zuten, beraz, barruan irteten ez ziren pertsona bat edo bi zeudela. Marihuana-plantazio handietan ohikoa izaten da egoera hori, uzta lapurtzea eragozteko eta, susmorik ez sortzearren, nabeetako jarduera oso eskasa dela aditzera emateko.

Oriako Ertzain-etxeko agenteek egin duten ikerketan zehar egiaztatu egin zituzten industria-nabearen barruan marihuana-plantazio bat zegoela adierazten zuten zantzu guztiak. Hori dela eta, asteartean, epailearen agindua hartuta eta Ertzaintzako Esku Hartzeko Unitateak lagunduta, pabiloian sartu eta miaketa egin zuten.

Logela eta sukaldea

Goizeko lehenengo orduan, nabe barruan itxura guztien arabera bertan bizi ziren 39 urteko bi gizon atxilotu zituzten. Pabiloiko bigarren solairuko gela txiki batean atseden hartzeko oinarrizko elementuak eta sukalde bat zeuden, bai eta Oria ibaiaren ondoan dagoen pabiloiaren atzeko aldera ematen zuen leiho bat ere. Hain zuzen ere, polizia-baliabideak iritsi zirenean, inplikatuetako bat 5 bat metrotik behera zintzilikatu zen ibaiaren ibilgutik ihes egiten saiatzeko, baina atzeko aldea zaintzen ari ziren ertzainek atxilotu zuten.

Pabiloian bertan atxilotu zituzten bi gizonei eta handik pixka batera Gipuzkoako beste herri batean atxilotu zuten hirugarrenari, 41 urtekoari, osasun publikoaren aurkako delitu bat (droga-trafikoa) leporatu diete.

Industria-nabea miatzen Ertzaintzako Txakur Unitateak ere parte hartu zuen, eta 2.200 marihuana-landarez osatutako egitura bat aurkitu zuten, bero-lanparez, haizagailuez, aire girotuaz, ureztapen-sistema automatikoaz, isolatzaileez, filtroez eta erauzgailuez hornituta. Landare gehienak ia helduta zeuden, ia berehala biltzeko eta lehortzeko eremu gisa egokitutako beste gela batera eramateko prest.  Sistema guztien funtzionamendurako beharrezko argindarra iruzurrez hartuta zegoen inguruko erregistro elektriko batetik, hori ere legez kontrako beste egintza bat izanik.

Ertzaintzak erretiratu egin zituen landareak hazteko erabilitako elementu guztiak eta 2.200 marihuana-landareak. Hiru atxilotuak epailearen esku utzi dituzte Tolosako guardiako epaitegian.