Donostiako Udal Artxiboak toki berria estreinatu du

0

Funtsak Egiako Blas de Otero plazan den toki berrira aldatu eta gero, gaur bisitatu du Eneko Goia alkateak Donostiako Udal Artxiboaren egoitza berria. Gobernantzako zinegotzi Juan Ramon Vilesekin batera, artxibategi berria ikusten izan da alkatea. Denera 1.878 metro koadroko instalazioak dira, 115.916 dokumentu historiko eta administratibo gordetzeko prestatuak.

Leku ezin hobea da gure hiriak 1292az geroztik gordeta dituen milaka dokumentu aurkitzeko. Historiak eta teknologia modernoenek bat egiten duten tokia da, dokumentu-perla horiek guztiak baldintzarik onenetan gordetzeko modua ematen diguna”, azpimarratu du Goiak.

Izan ere, instalazio berri horietan era askotako agiriak daude: pergaminoak, aktak, gutunak, udal-errolden erregistroak, balio historiko handiko liburu zaharrak, eta beste asko; kontu handiz kasu egin eta zainduta, denak ala denak ere, eta herritarrek kontsultatzeko moduan jarriak. Dokumentu horiek, zuzen-zuzenean ematen digute Donostian izan diren gertakizun garrantzitsuenen berri.

Gureak enpresak ekarri ditu hemen diren agiri hauek denak, ehun mila baino gehiago. Azkeneko hilabete honetan ekarri ditu, kontu handiz, Udaletxeko egoitza zaharretik eta hiriko beste leku batzuetatik. Biltegi berriak 1.000 m² inguru hartzen ditu, eta 5 salatan banatuta dago. Aireztapen-sistemak, termohigrometroa eta segurtasun sistema handiz jarrita dago (sua izanez gero oxigenoa mugitzeko sistema edota erabat zigilatutako guneak, suak aurrera ez egiteko, konparazio baterako).