Ekialdeko Barrutiko Batzarra ohiko bilkura egin zuen lehengo asteazkenean, eta bertan, Barrutiaren 2021eko aurrekontutik garatuko diren proiektuen zerrenda aho batez onartu zen. 26 proiektuek osatzen dute zerrenda eta, Zinegotzi buruak azaldu zuenez, udal-departamentuak proposamen horien balorazio teknikoa eta ekonomikoa lantzen ari dira. Barrutiaren Egituraketa Lan-taldeak landuko du gaia eta, horretarako, bilera egingo du.
Era berean, lan-talde ezberdinek azkeneko bilkuratik hona egindako lanaren berri eman zuten. Eta besteak beste, Egituraketa Lan-taldeak, behin 2021eko aurrekontutik garatuko diren proiektuen zerrenda eginda, 2022ko aurrekontua lantzeko lanari ekingo dio.
Halaber, Oroimen Historikoaren lan-taldeak Altzako lehen udal korporazio hautetsiari aitortza egiteko proposamenari zehaztapen gehiago egingo direla azaldu zuen. Berdintasuna lan-taldeak, berriz, Intxaurrondo Berri elkarteak antolatuta Maria Dolores Goia ikastolen aitzindariari egindako omenaldiaren berri eman zuen. Azkenik, Partaidetza eta komunikazioa lan-taldeak Barrutiaren etxeetan banatu berri den aldizkariaren lehen aleari buruzko informazioa eman zuen, eta hurrengo aleen gaineko gaiak lantzen hasiko dira.