Ertzaintzak eta udaltzaingoek 761 isun erregistratu dituzte asteburuan osasun-araudia ez betetzeagatik

0

Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 761 isun proposatu dituzte Euskadin ostiraletik igandera bitartean, pandemiari aurre egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauak urratzeagatik. Horietatik gehienak, 341, alegia, zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek justifikatu gabeko joan-etorriak eragozteko eta indarrean dauden osasun-arauak betetzen direla zaintzeko egindako kontrolen ondorioz, 761 isun formulatu dituzte joan den ostiraletik, maiatzaren 7tik, igandera, maiatzaren 9ra, bitartean. Horietako gehienak, 341, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte. Zehatz-mehatz, 213 isun gauean zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik bideratu dituzte, 67 eremu publikoetan nahiz pribatuetan gehienez elkar daitekeen pertsona-kopuruaren muga ez errespetatzeagatik eta beste 61 EAEko edo norbera bizi den udalerriko sarrera-irteeretarako ezarritako mugak urratzeagatik.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, 211 isun bideratu dituzte, guztira.  Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 106 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxe-arloan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea, eremu publikoan pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 85 isun Araban, 445 Bizkaian eta 231 Gipuzkoan.